Arrasateko Nafarroa etorbidean, udaltzaingoaren ondoan kokatuta dagoen dendan jende mugimendua badago eta hori elkartearentzat berarentzat ona dela uste du Andoni Larrañagak: "Elkartea ikustarazteko balio izan du dendaren irekierak eta poliki-poliki bazkide kopurua handitzen doa. Ez gara denda hutsa, irabazi asmorik gabeko elkarte bat dago atzetik".
150 bazkide
EreinDaJan proiektua duela hiru urte abiatu zuten eta hasieran bazkideak gutxika batu baziren ere, gaur egun 150 bat bazkidek sostengatzen dute proiektua. Horietatik 20 bat ekoizleak dira eta gainerakoak kontsumitzaileak.
Ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko harreman justuago bat defendatzen dute, ekoizpen eta kontsumo eredu arduratsuago bat sustatuz eta tokiko ekonomia bultzatuz: "Zuzenean egiten dugu lan inguruko baserritarrekin eta ekoizleekin eta esan genezake lehen urte honetan dendako bolumenaren %30a Debagoienean bertan ekoiztutakoa dela", dio Larrañagak. Beste %11 bat Gipuzkoako beste eskualde batzuetatik ekartzen dute eta geratzen den %50 inguru Nafarroa aldetik ailegatzen da.
Diaz de Monasterioguren-en hitzaldia
Urteurrena behar den moduan ospatzeko, ekainaren 16an, Amaia Diaz de Monasterioguren dietistaren hitzaldia antolatu dute dendan bertan (18:30); hitzaldiaren ostean luncha (19:30) egongo da.
Egueneko ekitaldiaz gain, euren asmoa da aurrerantzean ere, tarteka, beste zenbait ekintza antolatzea.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!