Herri galdeketa

Ekainaren 5ean "hasi" egingo dela guztia adierazi du Angel Oiarbidek

Mirari Altube Arrese 2016ko mai. 20a, 20:50

Luxuzko gonbidatuak izan dira gaur, Arrasaten, Erain Debagoienak gonbidatuta. Carles Riera kataluniarrak, EAJko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxebarriak eta Gure Esku Dago dinamikaren sustatzaile Angel Oiarbidek erabakitzeko eskubidearen gainean jardun dute ia beteta zegoen Kulturateko areto nagusian.

Erabakitzeko eskubidea "norberak hartu" behar duela jakinarazi du Rierak, CIEMENeko eta Munduko Foro Sozialeko Nazioarteko Kontseiluko presidente ohiak. "Horretarako oso garrantzitsua da indar handiko gizarte mugimendu batek bultzatzea, bere lekua hartzea, eta uneren batean erakundeetaraino eta alderdi politikoetaraino iritsiko dena izatea". Era berean, "aldebakartasuna eta desobedientzia" defendatu ditu, herri zein erakunde mailan.

Gizartearen heldutasuna

Uribe-Etxebarria jeltzaleak, Europako Batasuneko Eskualdeen Batzordeko idazkari orokorraren gabineteko kideak, ostera, eskubide demokratikoa dela adierazi du: "Ez da ez abertzalea, ezta independentista ere; bai oso transbertsala". Herri bati dagokiola gaineratu du: "Erabakitzeko eskubidea ez da errauskailuaren edo abiadura handiko trenaren gaineko kontsulta egitea; horiek ere garrantzitsuak baina beste zerbait dira". Eta oso "integratzailea" dela esan du: "Gizarte honek badu heldutasun eta zentzu demokratiko nahikoa naturaltasunez onartzeko".

Nazioen Mundua Elkarteko kide Angel Oiarbidek, ostera, hiru urtetan pauso handiak eman direla gogorarazi du: "Normala ez zen gai bat, biszerala zen gaia, herritarrok aitzindari izaten ari gara normaltasunerako trantsizioa ematen eta arrazional bihurtzen". Era berean, adierazi du ekainaren 5ean ez dela ezer bukatuko, "hasi" egingo dela guztia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak