Euste-horma horrek 450 metro koadroko azalera du gutxi gorabehera eta Wallart Mural Painting enpresa "aditua" da lan horretan: "Hasiera baten, herriko artistekin kolaboratu nahi genuen, baina hormaren egoera oso txarra denez, erabaki genuen konponbide integrala ematea; konpontzea aurretik eta edertzea ondoren", adierazi du OZMA batzordeko buru Oscar Garciak.
Bost proposamen gutxienez
Garciaren arabera, hormaren erreparazio lanak eta irudi artistikoa aparte kontratatuko balira kostua "asko" handituko litzateke: "Horregatik, Udal Gobernuak erabaki zuen lehiaketa publikoa abiatzea bi lanak enpresa berberak egin ditzan". Gaineratu du horma hori berritzearen eta edertzearen enpresa arduradunak bost proposamen aurkeztu beharko dituela gutxienez: "Helburua da parte-hartze prozesu bat irekitzea irudiaren aukeraketarako; arrasatearrek gehien gustatzen zaien diseinua bozkatu ahalko dute", dio Garciak.
Irudiak 450 metro koadro dituen azalerarako egokia izan beharko da, ingurunea kontuan hartu beharko du eta originala zein inon argitaratu gabea izan beharko da: "Estiloa eta teknika libreak izango dira, betiere kanporako egokiak badira. Arrasateren irudi positibo bat transmititu beharko du eta kalitatea izan beharko du, ingurumenari, hiriari zein arkitekturari dagokionez", gaineratu du zinegotzi sozialistak.