EH Bilduk garbiketa ordenantzaren aurkako alegazioa aurkeztu du

Xabi Gorostidi 2016ko mai. 10a, 19:41

Garbiketa ordenantzaren hiru punturekin desadostasuna agertu dute; 3.2, 4.1 eta 17 artikuluekin hain zuzen. Horretaz gain, ordenantzarekiko zalantzak edo aurkako iritziak dituzten herritarrei informatzeko eta alegazioak aurkezteko gonbita egin diete.

Arrasateko EH Bilduk martxoaren 22an onartutako Kale Garbiketa Ordenantzaren aurkako alegazioa aurkeztu zuen atzo Biztanleriaren Arreta Zerbitzuan. Inposiziotzat jo dute, ez baita kontuan izan gai honekiko herriko hainbat talde politiko, sozial eta sindikalen iritzia. Horretaz gain, ordenantza lekuz kanpo dagoela uste dute, Arrasaten, momentu honetan, ez dagoelako arazo berezirik gizabide-jarrera mailan ezta garbiketa mailan.

Atzo aurkeztutako alegazioan ordenantzaren hiru punturekiko desadostasuna agerian utzi nahi izan zuten. Lehenean, 3.2 artikuluan, herritarren arteko salaketa sustatzen da, eta horrek bizikidetasunean eragin kaltegarriak izan ditzakeela argudiatu dute. Bigarrenean, 4.1 artikuluan, alkateari edo honek izendatzen duen pertsonari isunak ezartzeko gehiegizko boterea ematen zaiola uste dute, eta ez da argi definitzen botere betearazle hori nork har dezakeen. Hirugarrenean, 17. artikuluan, herritar batzuen garbiketa sentsibilitatea beste batzuen arte eta komunikazio kontzeptuen gainetik jartzen dela uste dute, horrek bizikidetasunerako dakartzan ondorio negatiboekin.

Alegazioak egiteko aukerak

EH Bildutik deia egin diete kale garbiketa ordenantzaren aurkako iritzia duten herritarrei euren alegazioak aurkezteko. Ordenantzaren aurka dauden gainerako herriko eragile politiko eta sozialekin batera, tabernetan alegazioak jartzeaz gain, herriko hainbat puntutan mahaiak jartzeari ekin zioten aurreko astetik. Ostegun eta ostiral honetan ere mahaiak jarriko dituzte. Ostegunean, 19:00etan Portaloian eta ostiralean 19:00etan Zigarrolan. Alegazioak aurkezteko epea maiatzaren 17 bukatuko da.

Prentsaurrekoa

Ordenantzaren aurka dauden herriko eragile politiko eta sozialek osatutako plataformak prentsaurrekoa egingo du datorren astelehenean, hilak 16, eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbita egin diete. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak