Bidezko Merkataritzaren Lagun izateko baldintza denak beteta eman dio Emausek gaur ziurtagiria Arrasateko Udalari. Alkateak jaso du, herriaren izenean. Izan ere, ziurtagiri honek herriko elkarteek egindako lana ere aitortzen du. Eroski hipermerkatuko Harreman dendak hamabost urte daramatza lanean, eta lau urtetik hona dendatik kanpo ere ari dira bidezko merkataritzako produktuak zabaltzen.
Espainian, biztanleko eta urteko 71 zentimo gastatzen dira bidezko merkataritzan; Europan, batez beste, 13,4 euro, eta Holandan edo Erresuma Batuan, adibidez, 40tik gora.
EAEn ziurtagiri hau jaso duen bosgarren herria da Arrasate, Donostia, Legazpi, Bilbo eta Getxoren atzetik. Munduan milatik gora daude: Madril, Londres, Paris, Brusela eta Melbourne, adibidez.
Bidezko merkataritzarekin lotuta, bihar, 18:30ean Kulturaten, kakaoaren gaineko hitzaldi-dastaketa egingo dute.