Gaurtik domekara bitartean sei emanaldi eskainiko ditu Holiday zirkuak Arrasaten. Hainbat ikuskizun mota eskaintzen ditu zirku honek eta bertako animaliek ikuskizuna handiagoa izan dadin laguntzen dute. Pailazo bat eta artisten hainbat malabarismo ikuskizunez gain, hainbat animalik osatzen dute emanaldia, Ramon Sacristan zirkuko arduradunak dioenez: "Tima izeneko hartza, zaldiak, pottokak eta pailazoak ditugu. Horrez gain, aireko himnastak, malabaristak, bihurrikariak eta pailazoak ere baditugu. Bi ordu eta laurdeneko ikuskizuna da, gutxi gorabehera", azaldu du Sacristanek.
Animali gehienak zirkuarenak dira, baina, hartza, adibidez, artistarena da eta zirkuarekin batera doa, alde batetik bestera. Animalien zaintzaren gainean galdetuta, eroso bizi direla nabarmendu du zirkuko arduradunak. Ondo elikatuta daudela eta ondo tratatzen dituztela. "Animaliak erabat osasuntsu daude. Ondo elikatuta eta zainduta ditugu. Goizean, egiten dugun lehenengo gauza beraien txokoa garbitzea da. Ondoren, jaten ematen diegu eta garbitu egiten ditugu. Emanaldia bukatzean, berriz jan eta atseden hartzen dute", dio Sacristanek.
Orain arte Arrasaten erantzun ona eduki izan dutela azpimarratu du Sacristanek eta aurten ere ikusle asko espero dituztela onartu du. Lehenengo ikuskizuna gaur eskainiko dute, arratsaldeko 18:30ean.
Egitaraua
Egun guztietan ekitaldi bera izango da, baina prezio desberdina edukiko dute:
Eguenean, 18:30ean. Sarrera, 5 euro.
Egubakoitza, 18:30ean. Sarrera, 8 euro.
Zapatua, 17:00etan eta 19:30ean. Sarrera, 10 euro.
Domeka, 12:00etan eta 17:00etan. Sarrera, 10 euro.