Europarako bidea hartu duten errefuxiatuekiko Europar Batasunak duen jarrera pasiboa salatu zuten atzo, astelehena, Arrasateko plazan egin zuten elkarretaratzean.
Mundu guztian 60 milioi errefuxiatu daudela nabarmendu dute, gehienak Ekialde Hurbilekoak eta Afrikar jatorrikoak. "Salaketa publiko bat egitea nahi izan dugu, instituzioak pasibotasunez hartzen ari direlako drama humanitario hau", adierazi du Xabi Vallina EH Bilduko kideak.
Mugak itxita, pertsona errefuxiatuen eskubideak urratzen ari direla azpimarratu dute Arrasateko EH Bildutik eta gaineratu dute Europak nazioarteko legeria bihurritu eta giza eskubideen babesa bultzatuko lukeen jarrera humanistari eutsi beharrean, neurri polizial eta militarrak aktibatu dituela azken hilabeteetan.
Horregatik, errefuxiatuekiko elkartasuna adierazi eta nazioarteko harremanen bestelako antolaketa bat posible dela aldarrikatu nahi izan dute koalizio abertzaletik.