Aingeru ala kurriloi? obraren aurkezpena egin du gaur, martitzena, Doke antzerki taldeak. Dorita Murgia, Maider Alzelai, Mariasun Pagoaga eta Arantxa Ezkurra dira bertan parte hartzen duten antzezleak, Vene Herrero zuzendariak gidatuta. Tragikomedia bezala definitu dute obra eta bertan gertatzen dena edozein familiatan gertatu daitekeela onartu dute, oso erreala dela gaineratuz. "Istorio arrunt bat da, familia bateko hiru ahizparen bizitzetan oinarrituta. Giro ilun eta gris batean bizi dira eta denetariko gorabeherak bizi dituzte. Beraiek espero ez zuten iloba bat agertzen da haien bizitzetan eta honek tentsio areagotzea ekarriko du", azaldu du Jose Mari Velez de Mendizabal obraren idazleak.
Antzezlan honekin lortu nahi izan dena da antzezleek euren baitan zeukaten ideia hori azaleratzea. Izan ere, Jose Mari Velez de Mendizabalek idatzi du obra, baina antzezleek beraiek eskatuta. "Barne enkargu bat izan da obra, antzezleek eskatu zidatelako haien buruan zegoen ideia hori istorio batean islatzea", adierazi du Velez de Mendizabalek.
Idazleak istorio atenporal bat idatzi zuen arren, Vene Herroro zuzendariak 50. Hamarkadan girotu nahi izan du antzezlana. Antzezleei egokitzapen hori egitea kosta egin zaiela nabarmendu dute. "Neure burua garai hartan kokatzea izan da zailena, nolako harremanak zituzten eta gauza konkretu batzuk nolakoak ziren ezagutu, eta pertsonaian sartzea", dio Maider Alzelai antzezleetako batek.
Obra oso eramangarria eta ikusteko erraza dela azpimarratu nahi izan dute eta jendeari antzezlana ikustera gerturatzeko deia luzatu diete.
Goian Vene Herrero zuzendaria eta Jose Mari Velez de Mendizabal idazlea.
Behean Dorita Murgia, Mariasun Pagoaga, Arantxa Ezkurra eta Maider Alzelai antzezleak.