Iñigo Urkullu Lehendakariak udaletxeko arkupetan hartu du Migel Etxagibel, Estefania Beltran de Herediak eta Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak lagunduta. Bitartean, osoko bilkuren aretoa lepo beteta zegoen, komunikabidez, promozio ezberdinetako ertzainez eta Etxagibelen senitartekoez. 12:00ak jota hasi da ekitaldia, lehenengo Arrasateko alkatearen adierazpen batzukin, eta ondoren ertzaintzaren musika bandaren pieza batekin.
Dantzariek aurreskua dantzatu ostean Iñigo Urkulluk hartu du hitza, duela 80 urteko Ertzaiñak taldeko kideek egindako lana azpimarratuz, eta gaineratuta ordukoek egindako lanaren fruitua dela gaur egungo Ertzaintza: "Gaur, zure aitzindaritza, lekukotza eta konpromisoa omentzen ditugu, eta baita duela 80 urte zuekin batera Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintza martxan jarri zenuten guztiak ere".