Udaberria musikaz blai dator aurten ere Arrasatera. Izan ere, Udaberriko Musikaldiari esker, apirileko azken bi asteburuetan zuzeneko musika izango da protagonista parrokian, San Frantzisko elizan, Amaia antzokian eta Kulturateko areto nagusian. Kulturak Arrasaten pisu handia duela frogatuko du beste behin Musikaldiak.
Sei emanaldi izango dira eta Udaleko Kultura Sailaren arabera, proposamen interesgarriak bezain aberatsak izango dira aurtengoak ere.
Bertako taldeek protagonismo berezia izango dute. Hasteko, apirilaren 22an Txorbela otxoteak eta Opus 4 taldeek batera abestuko dute. Txorbelakoak Galiziatik etorri berri dira, han ere arrakastaren zaporea dastatu ostean.
Apirilaren 23an Donostialdeko KUP abesbatzaren emanaldia izango da parrokian. Eta Musikaldiaren azken aste bukaeran, hilaren 28an, Stradivarias taldearen emanaldia ikusi ahalko da Amaia antzokian. Horixe izango da Musikalditik ordaindu beharreko emanaldi bakarra, gainerakoak doakoak dira-eta. Hilaren 29an, berriz, honezkero urteroko klasiko bihurtu den Arrasate Musikalen eta Goikobalu abesbatzaren kontzertua egongo da San Frantzisko elizan.