Doke txapelketa Txalaparta elkarteak irabazi du

Maite Txintxurreta 2016ko mar. 25a, 16:32

Goizeko hamarretan hasi eta eguerdira bitartean aritu ziren egubakoitzean herriko elkarte gastronomiko desberdinetako kideak eta Udal ordezkariak dokean jokatzen Kondekuan. Txalaparta elkartea gailendu zen azkenean, eta azken tanda Udal ordezkarien kontra jokatu zuten. Azken horiek ere maila polita erakutsi zuten.

Momentu batzuetan euria egin zuen arren, doke txapelketa ez zuten alde batera utzi, eta giro polita izan zen goizean zehar Kondekuako jardinean. Herrian honezkero errotuta dagoen ohitura da doke txapelketa; izan ere, egubakoitzekoa XXXVI. edizioa izan da. SUDC taldeak antolatzen du urtez urte. Metalezko fitxak jaurti eta belarretan iltzatuta dagoen labanarengandik ahalik eta gertuen lagatzen saiatzean datza joko horrek.

Jokoak eta sardina erre usainak herritar ugari erakarri ditu, eta guztiek interes handiz jarraitu dituzte partidak. Azkenik, Txalaparta elkarteko ordezkariak izan dira txapeldun. Bigarrenak, berriz, Udalpe elkartekoak izan dira: "urtero bigarren egiten dugu" esan du Udalpeko ordezkari Agustin Elkorok. Parte hartzaileek nabarmendu dute txapelketa "ondo" joan dela, "problema barik" eta giro onean. Finalean 50-32 egin dute Txalapartak eta Udalpek.

Hirugarren egin duen elkartea Hamaika Gazte izan da. Guztira, herriko bederatzi elkarte gastronomikok hartu dute parte.

Udal ordezkariekin 'pikea'

Ohi den moduan, bukaeran Udaleko ordezkariak txapeldunen aurka aritu dira, eta kasu honetan ere Txalaparta elkartekoek irabazi dute Juan Ramon Mendieta eta Maialen Zabaleta zinegotzien aurka (40.24). Eurentzat doke txapelketan parte hartu duten lehen aldia izan da, eta pozik azaldu dira egindakoarekin: "lehenengo urtea izateko oso ondo joan da; datorren urtean seguru irabazi egingo dugula", esan du Mendietak amaieran. "Tartea ez da izan oso handia, eta horrekin geratzen gara", nabarmendu du bere aldetik Zabaletak. Azken honek txapelketan "giro polita" izan dela aipatu du.

Erlazionatuak

Doke txapelketako argazkiak

Maite Txintxurreta 2016 mar 25 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak