Biharko osoko bilkuran onartzekoa den garbiketa ordenantza zeresan handia ari da ematen Arrasaten. Udal Gobernuaren ekimenez sortutako arautegiak kontrako iritzi asko sortu ditu eta horren adibide da egubakoitzean Herriko Plazan hainbat norbanakok, eragileek zein oposizioko alderdi politikoek egindako agerraldia.
Askotariko aldarrikapenak euskarri ezberdinetan erakutsita, salatu nahi izan zuten ordenantzak adierazpen askatasuna mugatzen duela. Elkarretaratzearen amaieran, aldarrikapenak biharko osoko bilkurara eramateko deia ere egin zieten herritarrei.
Egun berean, Ernai gazte antolakundeak Iñigo Arregi eskultore arrasatearraren Harresi ezkutua obra erabili zuen salaketa egiteko. Eskulturarekin mozal bat irudikatu zuten. Ernai antolakundearen arabera, "mozaldun iritzi askatasuna kontzeptu ulergaitza" da eta salatu zuten azken 50 urteetako "hormarik aldarrikatzaileenari, trikimailuz eta artearen aitzakian, burnizko mozal erraldoia" ezarri zaiola.
Bestalde, EAJk mozioa aurkeztuko du bihar azken egunotan kalean agertu diren pintada eta kartel iraingarriak salatzeko. EAJren arabera, kartel eta pintada horiek elkarbizitzaren, elkarren arteko errespetuaren eta iritzi askatasunaren aurkako erasoak dira.