Arrasateko Udalaren babesarekin eta Bergarako Hotz elkartearen laguntzarekin zabaldu dute kanpaina herritarren artean. Aurretik, Haitira eta Filipinetarako materiala batzeko kanpainak abiarazi zituzten moduan, oraingoaz Siriara bideratuko dute materiala. Horretarako, Bergarako Hotz taldearen laguntza izango dute. Eurek bideratuko dute jasotakoa Sirian behar-beharrezkoa den lekuetara.
Zer eta non
Mantak, lo zakuak, muletak eta haurrendako motxilak batuko dituzte Siriara bidaltzeko. Martxoaren 19an eta 26an eta apirilaren 2an eta 9an Eroskiko Harreman dendan batuko dituzte gauzak. Bestalde, martxoaren 22an eta 29an, eta apirilaren 5ean eta 12an Harremanek Ferrerias kalean duen dendan batuko dute.
Materiala jasotzeko dei egin dute, baina, bereziki dirua eskatu dute unean uneko beharrei erantzun ahal izateko. Horretarako lau kontu korronte zabaldu dituzte Laboral Kutxan, La Caixan, Caja Ruralen eta Kutxabanken. Materiala batzeko kanpaina bukatu ostean ere zabalik egongo dira kontu korronteak.
Nola bidali
Batutako materiala Siriari laguntzeko Madrilen lanean diharduen taldearen bidez bidaliko dute eta jasotako dirua Mugarik Gabeko Medikuak GKEren bidez.