Besteak beste, gogor kritikatu du, haren izena aipatu gabe, Arnaldo Otegi eta ezker abertzalea orokorrean, esanez ezker abertzaleak "heroi" eta "bakegile" gisa "aurkeztu nahi" dituela bere buruzagi batzuk, baina "benetako bake-gizona Isaias Carrasco" zela esanez. Bakegintzan "leziorik ez" emateko eskatu dio ezker abertzaleari.
Isaias Carrascoren alarguna eta Sandra Carrasco alabaz gain, San Andresen batu dira, karpa azpian, Gipuzkoako eta Arrasateko PSE alderdiko buruzagi ezagun asko: Paco Gartzia, Jesus Egiguren, Denis Itxaso, Iñaki Arriola, Rafaela Romero eta beste batzuk. Baita Arrasateko PSEko kide eta zinegotzi izandako batzuk ere, eta auzotar eta herritar asko ere bai.
PSE-EEko idazkari orokor Idoia Mendiak egin du ekitaldiko hitzaldi bakarra eta, oro har, tonu gogorra erabili du ezker abertzaleaz hitz egiterakoan. Bere hitzetan, ETAren biktimak gogoratu beharra dago: "Batzuek euren biografia zuritu nahi dute eta honako hau gertatu izan ez balitz bezala egin. Horren aurka egiteko gure modua da hau". Eta, gaineratu duenez, "ETAren bukaera zuzenbide estatuak ekarri zuen, ez ezker abertzaleak, nahiz eta orain euren liderrak bakearen gestore handitzat aurkeztu nahi dituzten".
Bukaeran, Jesus Egigurenek beste tankera bateko adierazpenak egin dizkie kazetariei, eta esan du "Arnaldoren hitzaldia" entzundakoan "poztu" egin zela "gauzak normalizatzen" doazela ikustean.