Jonathan Perez entrenatzailearen esanetan, aukera asko dituzte arrasatearrek dominaren bat edo beste bueltan ekartzeko. "Malen momentu oso onean dago, duela bi aste bere kategoriako txapelketa irabazi zuen 4,21eko jauziarekin. Askoz gehiago egin dezake, 4,25 ere bai… ez dakit, ikusi beharko da. Maialen ere hor dago borrokan, eta gure erreferente den Naroa Agirre ere bai". Txapelketara marka ezberdinekin joan arren, denek dituzte aukerak.
Istar Dapena, aldiz, 5,05eko markarekin doa Espainiako txapelketara, eta bere bigarren absolutua jokatuko du, lehen aldiz pista estalian. Bere esanetan: "Mundu mailako jendea dago lehiaketan, eta nire helburua bost metro egitea da, eta hortik gora". Iñigo Uribarren, berriz, salto hirukoitzean 15,54ko markarekin doa txapelketara, eta aurkari gogorrak izango dituela aipatu du: "Pablo Torrijos Espainiako txapelduna dago, besteak beste, eta zaila izango da bere mailan egotea; ahal dudana egingo dut".
Gazteak Salamancara
Gazteen mailan hiru arrasatear doaz Salamancako txapelketara, Eneko, Ibai eta Dani. Eneko Carrascal, esaterako, bi probatan izango da: luzera-jauzian eta jauzi hirukoitzean. Jonathan Perezen esanetan: "Aste honetan berarekin egon naiz, eta bi probak irabazi nahi dituela esan dit. Bat gaizki irteten bazaio, bestean borrokatuko dela…".
Mojategira bueltan
Txapelketa honekin amaituko da pista estaliko denboraldia, eta laster hasiko da aire librekoa. Arrasateko hainbat atleta Donostiako Belodromoan izan dira astean bi aldiz entrenatzen abendutik aste honetara arte. Baina orain, aire zabaleko txapelketak hasten direnez, pertikak jaso eta Arrasatera bueltatu dituzte.