IK4-Ikerlanek 10 milioi inbertituko ditu datozen lau urteotan lan-taldea handitzeko eta azpiegitura hobetzeko

Leire Kortabarria 2016ko mar. 1a, 14:30

Arrasateko ikerkuntza eta teknologia zentro IK4-Ikerlanek 10 milioi euro baino gehiago inbertituko du Europan erreferente teknologiko moduan finkatzeko. Datozen lau urteotan langile taldea “indartzera” eta azpiegitura eta ekipamenduak “hobetzera” bideratuko ditu diru-baliabide horiek.

Ikerlan 2020 izeneko plan estrategikotik ondorioztatzen diren zifra garrantzitsuenetako bat da hori. Esandako epean “eragin erabakigarria” lortu nahi du “inguruneko enpresak modernizatzeari dagokionez”, enpresaren hitzetan. Ikerlan 2020 planean, zentroak etorkizunean aurre egin beharreko erronkei ekiteko aurreikusi den giltzarrietako bat bere ahalmenak indartzea da, langile taldea espezializatuz eta talentua erakarriz. “Datozen urteetan ahalegin berezia egingo dugu unibertsitateekiko lankidetzan pertsonak erakartzeko eta prestatzeko, erakundean 300 langile baino gehiagoko talde bat finkatzeko. Horrek esan nahi du 2020ra arte plantilla %20 handituko dela”, azpimarratu du zuzendariak.

“Dagoeneko eragile nabarmenetakoak gara Euskadiko berrikuntzaren arloan, baina Ikerlan 2020 plan estrategikoarekin beste urrats bat egin nahi dugu, eta giltzarria izan nahi dugu euskal ekonomiaren modernizazioan”, azaldu du zentroaren zuzendari nagusi Marcelino Caballerok, eta honako hau gehitu du: “Gure ahalmen teknologikoa, profesionaltasuna eta zerbitzuaren kalitatea gehiago bultzatu nahi ditugu”.

Ekintza zentroa berrantolatu dute

Gaur egun, IK4-Ikerlanen jarduera ikertzailearen %60 baino gehiago enpresekin zuzenean egiten duen kontrataziotik dator. “Egunero ahalegintzen gara gure bezeroak lehiakorragoak egiten eta, horregatik, datozen urteetan, gure ahalmen teknologikoa, profesionaltasuna eta zerbitzuaren kalitatea gehiago bultzatu nahi ditugu, faktore horiek bereizten gaituztelako eta gure bezeroen aliatu teknologikorik onena izaten laguntzen digutelako”, gehitu du Caballerok.

Ikerlan 2020 plan estrategikoarekin egin den lehendabiziko ekintza zentroa berrantolatzea izan da, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskadiko Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP 2020) ezarritako jarraibideen arabera, eta arreta berezia jarri zaie espezializazio adimendunaren lehentasun estrategikoei (RIS3). Horretarako, ahaleginak hiru espezializazio ildotan fokalizatzea erabaki da: Elektronika eta software txertatua, Energia eta potentzi elektronika eta Fabrikazio aurreratua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak