IK4-Ikerlanek 30 pertsona baino gehiago kontratatuko ditu aurten

Leire Kortabarria 2016ko urt. 12a, 14:50

IK4-Ikerlaneko langilea.

IK4-Ikerlan ikerkuntza zentroak talentua bilatu eta erakartzeko iaz abian jarri zuen konpromisoa berritu egin du aurten. Hala, zentroak jakinarazi du 30 langile inguru hartuko dituela datozen hilabeteotan, etorkizuneko ahalmenak areagotzen laguntzeko.

Kontratazio horiek hazkunderako estrategia baten fruitu direla esan du IK4-Ikerlanek, eta, horren bidez, lehiakortasunean “jauzi kualitatiboa” egin nahi du.

Sarrera horiek urte osoan zehar egingo dira, batez ere lehen seihilekoan, sistema txertatuen, informazioaren eta komunikazioaren teknologiaren (IKT), energiaren, potentziako elektronikaren eta fabrikazio aurreratuaren arloetan.
Horrenbestez, kontratatutako ikertzaileak zein prestatzen ari direnak integratzea nahi da. Lan eskaintzak zentroaren webgunean eskuratu daitezke.

“Talenturik onena erakarri nahi dugu, etorkizuneko teknologietan berritzen lagundu diezagun”, adierazi du IK4-Ikerlaneko Pertsonen arloko zuzendari Jon Etxeberriak. “Sartzen diren pertsona berriek ikertzen lagunduko digute, garraio, industria eta energiaren sektoreen erronka berriei aurre egiteko, alde batetik, eta, bestetik, enpresen lehiakortasuna bultzatzeko”, gehitu du.

Transferentzia eta ikerketa

Zentroak, beraz, bere unitate guztiak indartzea aurreikusi du, bai ikerketa proiektuetara zuzendutakoak, bai enpresei teknologia transferitzekoak.

IK4-Ikerlanek bere sektoreetan liderrak diren enpresen lehiakortasuna sustatzeko lan egiten du, horien artean egonik CAF, Orona, Alstom, Fagor Arrasate, ULMA Taldea, Copreci eta Fagor Automation besteak beste, baita Laulagun, ABC edo Tifell enpresa txiki eta ertain garrantzitsuak.

"IK4-Ikerlan leku ezin hobea da jakin-mina duten pertsonentzat, jakin nahi dutenentzat eta proaktiboak direnentzat, eta gaitasun teknikoa eta ikertzeko bokazioa dutenentzat”, dio Etxeberriak. Adierazi duenez, zentroa “leku bikaina da karrera profesionala garatzeko, izan ere, enpresen lehiakortasuna handitzen laguntzen du, puntako ingurune teknologiko batean lan eginez eta Europako lehen mailako erakundeen sare batean parte hartuz”.

Nazioarteko lankidetza sare garrantzitsua dauka IK4-Ikerlanek, 20 erakunde baino gehiagoren partaidetzarekin. Bertan nabarmentzen dira, esaterako, Lausanako Eskola Politekniko Federala (EPFL) edo Aachen, Lovaina eta Zuricheko unibertsitateak. IK4-Ikerlanek erakunde horiekin erdietsitako akordioei esker, ikertzaileek doktore tesiak eta nazioarteko egonaldiak egin ditzakete.

Ikertzaile berriak hartzeko kanpaina iazko uztailean abiarazi zuen Arrasateko zentro teknologikoak.

Erlazionatuak

IK4-Ikerlan, klaseko onenen bila

Leire Kortabarria 2015 uzt 09 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak