Debagunen batuta eta Euskaltzaleen Topaguneak deituta, hausnarketa saioa egin du gaur goizean Arrasateko Kulturaten Debagoieneko euskalgintzak. Berrikasi eta berrikusi delako dokumentua landu du Topaguneko Topalabea gogoeta-lantaldeak, maiatzean aurkeztutakoa. Goizean zehar AED, Jardun, Loramendi, Txatxilipurdi, Ekin, Goiena eta ibarreko zenbait euskaltzalek aztertu egin dituzte planteamendu berriak.
Aktibazio soziala
Tresna, ideia eta jarrera berriak aurkitu nahi dituzte euskararen erronka berrietarako. Euskararentzako adostu beharreko zorua da gai nagusietako bat; hizkuntza-aniztasuna kontuan hartuta, euskaltzale eta ez euskaltzaleen artean eta familia politikoen artean adostu beharrekoa. Gaurko saioan elkarte eta eragileen arteko harremana sendotzen jarraitzeko deia egin da eta, era berean, "anbizio" gehiagorekin hiztunen eskubideak babesteko lanari eusteko beharra aipatu da. Euskalgintza barruan diskurtsoaren sakontze eta batasunaren alde egin dute parte-hartzaileek, sumatuta, agian euskaldunen artean badagoela uneotan, eztabaida irekian esan den bezala, "ahultasun ideologikoa". Hala, euskalgintzaren ikuspegia zabaltzearen beharra aipatu da dokumentuaren kontraste saioan eta nola ekin behar zaion aktibazio sozialari, kalean eta eremu pribatuan "hutsune handia" nabaritzen omen baita, parte-hartzaileek behin eta berriz azpimarratu dutenez.
Bideoan, Jasone Mendizabal (Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria), Iñaki Martinez de Luna (Topalabeko kidea), Peio Andrinua (Jardun) eta Eñaut Muxika (AED).