Aldaketa beharra argia omen da, diozue ez gaudela osasuntsu. Zergatik?
Datu soziolinguistikoen arabera, ezagutzan asko egin dugu aurrera. Baina, era berean, ikusten dugu erabileran sabai baten kontra egin dugula eta ez dugula aurrera egiten. Eremu euskaldunetan galerak ditugu… Zerbait oso desberdina egin beharra dugu oraingo egoera gainditzeko eta aurrera egiteko.
Topalabearen dokumentuak aldarrikatzen duen oinarrietako bat zoru komuna da. Zer da hori?
Euskaltzaleen artean eraikitzen dugun konpromiso esparrua. Eta partekatzen dugun hori izan beharko litzateke indartsuagoa eta adostuagoa. Historikoari begiratuta, adibidez, frankismoan euskara ez zekien jende askoz gehiago zegoen, baina bazegoen etorkizun askeago baten ametsarekin batera euskalduna izango litzatekeen gizarte batekiko ilusio partekatua, euskaldun ez zirenek ere partekatzen zutena modu zabalean. Jendea hasi zen euskara ikasten… hori ja ez da horrela. Uste dugu zelanbait euskarak aurrera egiteko lanketa hori delegatuta geratu dela euskalgintzan edo erakundeengan herritarren aldetik. Normalizazio kuota bat lortu dugun sentsazio horrekin ez ote dugun, neurri baten, ardura gure gainetik kendu. Eta ardura ez da ez euskalgintzarena ez instituzioena bakarrik; gizarte osoarena da. Zoru komuna esaten dugunean da konpromiso berritu bat guztionagoa izango dena. Hori egiteko zazpi bide irudikatu ditugu, hausnarketarako eta eztabaidarako.
Zeintzuk?
Adibidez, hiztun komunitate emantzipatua. Hemen kokatuko litzateke zoru komunaren ideia. Bestelako interesen gainetik euskararen bueltan proiektu partekatu bat eraikiko zukeena. Gizarte osoa inplikatu beharko litzateke: euskalgintza, eragile sozialak, politikoak, ekonomikoak…
Bestelako interesen gainetik diozu; Berrikasi eta Berrikusi dokumentuan euskararendako arnasgune politikoa eskatzen diezue alderdiei. Euskara despolitizatu egin beharko litzateke?
Uste dugu badirela dinamika zahar batzuk kalte egiten digutenak, konfrontazio politikoarekin lotutakoak. Argi dugu euskararen gaia politikoa dela, eta Topalabelen txostena ere politikoa da; beraz, ez da despolitizatu behar euskara, baina bai konfrontazio politikotik atera. Azpimarratzen dugun beharretako bat da gure hizkuntza politikak ez liratekeela horrenbeste oinarritu behar alderdien politiketan. Oinarritu beharko lirateke zientziek agintzen duten politiketan. Hor irudikatzen dugu autoritate zientifiko baten beharra. Zoru komunak adosten duen bisioari erantzun beharko lioke plangintza ahalik eta teknikoenak, zientzian oinarritutako plangintzak, eta instituzioek horri begira politika zehatzak garatu beharko lituzkete. Erreferente zientifiko batek lagunduko luke guztiontzat– instituzioentzat, eta gizarte eragileontzat– ardatz orokor batzuen bueltan norabide berean lan egitea. Konfrontazio politikotik ateratzeko bermea ematen duen bidea litzateke. Euskararen corpuserako Euskaltzaindia sortu genuen moduan, euskararen estatusaren bueltan beharko genuke erreferente zientifiko bat. Hau guztiau babestu beharko litzateke legearekin eta baliabide ekonomikoekin. Eta hori da instituzioen papera.
Sinergien beharra ere azpimarratzen duzue. Zeinen arteko sinergiak?
Euskalgintza asko garatu da, profesionalizatu, espezializatu… baina nor bere esparruan, mikroan. Ez dugu asmatu euskalgintza moduan estrategia eta helburu komun makroak ekoizten. Behar ditugu ikuspegi luzeko bestelako adostasun eta estrategiak. Sinergiak ez dira ezta ere baliatu eragile sozialen (euskalgintzaren) eta erakundeen artean. Bikoizketak izan dira, lankidetza oso-oso ahulak… eta, atzera begiratuta, nonbait arrakastatsuak izan badira euskararen berreskurapenerako zenbait ekimen, izan da herri ekimenetik sortutako proiektu batek instituzioen babesa izan duenean. Debagoienean bertan Goienak, herri ekimenetik sortu eta instituzioen babesa izan duelako, garapen handia izan du. Beraz, sinergia horiek funtsezkoak dira. Ez da nahikoa instituzioetan euskara zerbitzuak eta bestelakoak izatea. Herrira bueltatu behar da protagonismoa; hor dugu erronka indartsu bat. Bestalde, gure hizkuntza dago beste bi hizkuntza handiren artean elkarbizitzan. Beharko genuke beste hizkuntzetako erreferente batzuk euskarara erakarri eta euskaltzale batzuk ere –OPIak, Oso Pertsona Inportanteak– erreferente bilakatu, protagonismoa euren eskutik joan dadin.
Agiria herriz herri aurkezten diharduzue; ze erantzun jaso duzue?
Agirian autokritika eta kritika dezente dago. Aurrera egiteko astintzen ditugu hainbat kontu, eta bageneukan kritikarako beldurra. Ez da horrela izan. Oso harrera ona jaso dugu. Bi kezka/galdera nagusi atera dira. Bata da euskara politizatu-ez politizatu horren inguruan –eta berriro ere, argi utzi gura dugu konfrontazio politikoa dela saihestu beharrekoa, ez politika–. Eta bestea zoru komunaren bueltan: euskaltzale sutsuengan dagoen kezka da adostu behar badugu zoru komuna horren euskalduna ez den horrekin edo erdaldunarekin, galdu egingo dugula; zoru komuna dela beherapenekin etortzea. Baina euskaraz bizi ahal izateko behar dugu gizarteko esparru zabalenera iritsi, parekoak ez badaki, nahiz eta nik borondate handia izan, ez da nahikoa. Bihotzak bakarrik ezin du. Gizarte zabaletik deskonektatzen bagara eta bakarrik geratu, erabilerak ez luke etorkizunik eta marjinal izaten bukatuko genuke. Euskara guztiona dela esaten dugu eta hori oso esaldi polita da, baina leloa izatetik egiazko sinismen eta praktika batera jo beharko genuke.