Kartzelara bidali dute, bikotekide ohia eta ahizpa jotzeaz akusatuta

Ubane Madera 2016ko ots. 19a, 11:20

Martitzenaz geroztik Martuteneko kartzelan dago Arrasaten atxilotutako 35 urteko gizonezkoa, bere bikotekide ohiari eta haren ahizpari eraso egiteaz akusatuta. Oraingoz, kartzela zigor prebentiboa ezarri diote.

Behin betiko zigorra, berriz, bikotekide ohiari eragindako lesioen larritasunaren araberakoa izango da. Eta era berean, emakumearekiko urruntze agindua iritsiko dela espero du Ertzaintzak.  Erasoa jasan zuen emakumeari dagokionez, hura Gasteizen dago ospitaleratuta domekaz geroztik.  

Domeka goizean atxilotu zuen Ertzaintzak ustezko erasotzailea. Emakume batek poliziari deitu zion jakinarazteko bikotekide ohiak eraso egin ziola. Ertzainak emakumearen etxebizitzara bertaratu eta gizon batek bikotekide ohiari ostikoak eta ukabilkadak eman zizkiola konprobatu ahal izan zuten. Erasoa jasan zuen emakumearen ahizpak bien artean sartzen saiatzeagatik kolpeak jaso zituela azaldu zuten Segurtasun Sailetik.  Poliziak anbulantziari deitu, eta ospitalera eraman zituzten.

Era berean, Ertzaintzak ustezko erasotzailea lokalizatu eta goiz berean atxilotu zuen, bikotekide ohiari eta haren ahizpari lesioak eragiteaz eta haren etxebizitzan indarrez sartzeaz akusatuta. Polizia-iturrien arabera, atxilotutako gazteak aurrekari polizialak ditu. Hain justu, beste bi bikotekideri eraso egitearren ditu espedienteak.

Domekako erasoa, berriz, ustez zeloek eraginda egin zuen gizonak, hark jakin zuenean bikotekide ohiak beste mutil-lagun bat zuela, eta nahiz eta gizona bera ere beste emakume batekin bizi zen.

Elkarretaratzea

Arrasateko Emakumeen Mundu Martxako plataformak gertakariarengatik "erabateko gaitzespena" adierazi eta elkarretaratzea deitu zuen atzoko, eguena. "Erailketa matxistekin batera, emakumeen aurkako sexu bortizkeria eta eraso fisikoak dira emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latzenak. Indarkeria matxistak, ordea, aurpegi asko dauzka eta hau errotik desagerrarazi nahi badugu, ezinbestekoa da herritarron zein erakunde publikoen erabateko erantzukizun eta inplikazioa", adierazi dute, erasoa jasan duten emakumeei "erabateko babes eta elkartasuna" adierazteaz batera.

Arrasateko PSE-EEk ere "gaitzespen" eta "atsekabe" osoa erakutsi ditu. Emakumeei elkartasun mezua helarazi diete eta Ertzaintza zoriondu du ustezko erasotzailea atxilotu duelako. Susmagarria atzemateko "azkar eta modu eraginkorrean" jardun izana txalotu dute. Era berean, "legearen zama osoa" ustezko erasotzailearen gainean eror dadila eskatu du.

Gertaera erabat gaitzetsi du Arrasateko Irabazik ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak