"Informazio eguneratua izatea da Mondraren webgunearen helburua"

Xabier Urtzelai 2016ko ots. 4a, 12:47

Duela zortzi hilabete inguru hasitako proiektua errealitate bilakatu da. Mondrak aste barruan estreinatu du webgune berria, www.mondragoncf.eus helbidearekin: "Ea jendea poliki-poliki erabiltzen hasten den, eta Google bilatzailearen posizioetan ere gora egiten duen".

Webgunea elkarlanean egindako lanari esker bilakatu da errealitate. Loginlan enpresako ordezkariak daude atzean, eta zuzendaritzako ordezkari Elena Rodrigok ere parte-hartze zuzena izan du proiektuan: "Webgunean Mondraren gaineko informazio osoa azaltzen da. Esaterako, klubaren historia batu dugu, taldeko jokalarien gaineko informazioa, erretratu zaharrak, egungo argazkiak... Esaterako, 100. urteurrenean ikusentzuteko bat sortu zuten bi ikasle arrasatearrek, eta bideo hori ere webgunean dago ikusgai", azaldu zuen Elena Rodrigok aurkezpenean. Eta, gaineratu zuen Mondrako babesle eta laguntzaileei aparteko protagonismoa eman gura izan dietela: "Euren logoak nabarmendu ditugu, eta ikusgai jarri, eskerrak emateko modu bat da".

Zehaztu zuen, baita ere, hurrengo pausoa sare sozialak webgunean bertan txertatzea izango dela, eta horretan dabiltzala lanean.   

Eguneratua izatea, ezinbesteko

Loginlan enpresako ordezkari Raul Uriartek azpimarratu zuen Mondra moduko talde batek webgunea izateak duen garrantzia: "Hutsune hori igarri izan dut beti, norberaren herriko taldearen gaineko informazioa eskura izatea online, eta hutsune hori betetzera dator webgunea". Uriartek argi du, baina, webgunea bera eguneratua izatea ezinbestekoa izango dela atariak arrakasta izan dezan: "Orain ikusiko da ze gaitasun dugun informazioa eguneratzen joateko, oso garrantzitsua da hori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak