Donostia, Pasaia, Errenteria edota Irun aldetik jende asko eta asko etorri zen domekan Debagoienera errefuxiatuen eta migratzaileen eguna ospatzera, Donostiako elizbarrutiak antolatutako egun-pasan. Orain arte Donostian egin izan dute ospakizun hori, baina aurten Arrasatera etortzea erabaki dute.
Bertaratutako gehienak goizeko bederatzietan irten ziren autobusez haien herrietatik, eta eguerdiko hamabietan meza izan zuten Arantzazuko santutegian.
Donostiako elizbarrutiko etorkinen pastoraltzako arduraduna da Leire Atxega, eta hark azaldu du domekako ekitaldien helburua etorkinek duintasunez bizi ahal izateko duten eskubidea aldarrikatzea izan dela.
Bazkaria Saiatuz boluntario taldeko lagunek prestatu zuten, eta parte hartzaile guztiek bapo jan zuten. Bazkalostean, ekitaldia egin zuten: poemak, antzerkia, dantzaldia… denetarik egon zen.
Marlin Castillo nikaraguarra da, baina orain Irunen bizi da. Domekan etorkinen pastoraltzako kideekin batera etorri zen Arrasatera egun berezi horretan parte hartzera. Azpimarratu du etorkinen integraziorako bertakoen zein kanpotarren borondatea ezinbestekoa dela.