Gereziondoak, sagarrondoak, aranondoak, limoiondoak… fruta-arbolek sortu dute ikusmina Seber Altuben egin den zuhaitz ferian. Sei mintegi elkartu dira han eta eskaintza zabala izan dute hurreratu direnek. Oraintxe da zuhaitzak eta landareak landatzeko garaia, eta gehiegi itxaron gabe erabaki dute inguruko baserritarrek eta zaleek landareak erostea.
Hilabeteko hirugarren zapatuko baserritarren azokarekin bat egin du feriak eta eguraldiak lagundu ez arren herritar mordoa elkartu da han, beste behin, bertako eta garaiko generorik onena lortzeko asmoarekin.