Ia 100.000 pertsonekin egiten dute lan Mozambiken, Kuban eta Brasilen dituzten zazpi programetan, eta hurrengo urteetarako erronka izango da estrategia berri bat ipintzea martxan Kubako eta Brasilgo programetan, eta Mozambiken dituzten prozesuak eta lan egiteko modua eguneratzea. Izan ere, herrialde horretan, urtetik urtera ia hirukoizten ari dira eurekin lan egiten duen nekazari kopurua eta lantzen duten hektarea kopurua.
Beste programa bat ere zabaldu nahi dute Hego Amerikan: jada lanean ari dira eta asmoa da 2016an edo 2017an martxan izatea.
Laguntza eskaera
Eta guzti horretarako, jendearen laguntza eskatu dute, bai boluntario edo kolaboratzaile moduan, edo baita diru ekarpen bitartez ere. Izan ere, arlo publikoa eta pribatua, biak, dira euren diru-iturri, baina azken urteetan aurrekontu publikoetan izandako murrizketak konpentsatzeko diru pribatu gehiago behar dute. Zentzu horretan, kooperatibek edota gobernuz kanpoko erakundeek egindako ekarpenak eskertu ditu Mundukideko zuzendariak eta, bazkide berriak egiteko, herritarrak Gabonetan Laboral Kutxan martxan dagoen Ireki iturria izeneko kanpainan parte hartzera animatu.
Eguaztenean, 19:00etan
Gaur eta bihar –martitzen eta eguaztena– Udalan batuko dira, barne lanketa egiteko, eta bihar Beñat Artzadunek Mozambikeko proiektua aurkeztuko du, Harremanek antolatuta. 19:00etan izango da, Kulturaten; eta ondoren, kantaldia, Txorbela otxotearen eskutik.