Bakarkako eta talde argazkiak atera zituzten klaustroan bertan, eta abenduaren 31an Arrasateko herriko plazan egingo den elkarretaratzean, eta urtarrilaren 9an Bilbon eta Baionan egingo diren ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena egin zuten. Izan ere, harri handi hori mugitzen hasteko "ahalik eta esku gehien" behar dituztela azaldu dute.
"Abenduaren 31an herritarrei dei egiten diegu hemen osatu dugun soka horretatik benetan tiratzeko. Harri hori paretatik kentzeko esku asko behar ditugulako, esku desberdin asko, sentsibilitate eta ideologia ezberdinetako esku desberdinak behar ditugulako espetxe politika honen harria kendu eta aurrera jarraitzeko”, azaldu du Arrasateko Sareko kide Illart Azkaratek.
Arrasaten 7 preso eta beste hainbat iheslari ere daudela, eta senide edo lagun bakoitzak 40 minutuko bisita bat egiteko, batez beste, 1.646km egiten dituztela astero gogoratu du Sarek.