Atxabalpeko bigarren zelaia, inauguratuta

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko abe. 15a, 13:05

Eibarrek erabiltzeko Atxabalpeko bigarren zelaia inauguratu dute gaur goizean futbol taldeko eta Arrasateko Udaleko ordezkariek. Bi aldeak "oso pozik" agertu dira akordioarekin; lau urterako izango da, luzatzeko aukerarekin. 

Mondra futbol taldeak 2007an bertan jokatzeari utzi eta 2014ra arte inongo erabilera barik egon ostean, Atxabalpek garai hartan erabiltzen zenean baino askoz itxura hobea du gaur egun. Munduko ligarik onenean diharduen Eibar futbol taldeak inbertsio handia egin du ohiko berdeguneaz gain, alboko zelaian ere belarra jartzeko. Eta gaur inauguratu duten alboko bigarren zelai hori.

Eibarrendako urrats oso garrantzitsua izan da: "Oso inportantea da guretako. Lehen Mailan sendotzeko bidean beste urrats bat da. Bere garaian aurrerapauso garrantzitsua izan zen Atxabalpen lehen zelaia izatea, eta bigarren zelai honekin beste pauso bat emango dugu. Poliki-poliki profesionalizatzeko eta gure arerio diren beste klubek dituzten instalazioetara joateko bidean", adierazi du Alex Arantzabal presidenteak. 

Maria Ubarretxena: "Egun pozgarria da"

Atxabalperen jabea den Arrasateko Udaleko alkate Maria Ubarretxenak ere adierazi du "egun pozgarria" dela gaurkoa, nahiz eta berdegune berria herrigunetik nahiko urruti dagoen: "Pena bat da zelaia herritik gertuago ez egotea, umeak etor daitezen entrenamenduak ikusteko. Izan ere, Lehen Mailako talde bat gure herrian entrenatzen izatea uste dut herriarendako ere ona dela. Gu beti egongo gara Udaletik kirolarekin dugun erantzukizunari eta konpromisoari balioa ematen; hori izango da gure jarrera agintaldi osoan eta gaurko inaugurazioa horren adibide da". 

(Argazkia: Atxabalpe, panoramiko baten; ezkerrean, gaur inauguratu duten bigarren zelaia. Bi zelaiak batu egin dituzte)

Lau urterako, luzatzeko aukerarekin

Eibarko presidente Alex Arantzabalek aitortu du inbertsio handia egin behar izan dutela Atxabalpe egun dagoen moduan uzteko: "Akordatzen naiz lehen aldiz hona etorri ginenean hemen zaldiak zeudela belarra jaten eta hauek guztiz lagatako instalazio batzuk zirela. Inbertsio garrantzitsuak egin ditugu, zelaiak ondo prestatu, harmaila zaharrak kendu eta poliki-poliki gunea hobetzen joan gara". Lau urterako akordioa sinatu dute Udalak eta Eibarrek, bi aldeek hala erabakiz gero, luzatzeko aukerarekin. 

Eskualdearendako "onuragarria"

Bestalde, Eibarreko presidenteak uste du "onuragarria" dela Arrasaterendako eta Debagoiena osoarendako munduko futbol ligarik oneneko talde batek Atxabalpen entrenatzea. 

Erlazionatuak

Atxabalpeko bigarren zelaiaren inaugurazioa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015 abe 15 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak