Espainiako Gorteetarako Hausteskundeak 2015

Ekonomia eredu propioaren alde mintzatu dira EAJko zerrendaburuak Arrasaten

Maite Txintxurreta 2015ko abe. 11a, 16:42

Abenduaren 20ko Madrilgo Kongresu eta Senaturako hauteskundeen kanpainaren baitan, Debagoienean izan dira gaur EAJ alderdiko zerrendaburuak, Joseba Agirretxea eta Maria Eugenia Iparragirre eta baita Victoriano Gallastegi senaturako hautagaia ere. Arrasaten adierazpenak egin dituzte, eta bertan industria eta lanbide heziketa arloan Arrasate eta bailara osoa eredu direla esan dute. Ondoren, kaleetan ibili dira propaganda banatzen.

EAJko kongresurako eta senaturako zerrendaburuak, Maria Eugenia Iparragirre eta Joseba Agirretxea, Arrasaten izan dira goizean, bisita eta propaganda banaketa egiten. Haiekin batera Victoriano Gallastegi Bergarako alkate ohi eta EAJren hautagaia senaturako, eta EAJko beste kide batzuek ere bai, tartean Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea. San Andreseko Fagorren aurrealdean egin dituzte adierazpenak. Hain zuzen ere, industria eta lana izan dute hizpide.

Euskadiko eredua goraipatu dute, esanez, euskaldunak krisi ekonomikoan beranduago sartu badira, eredu propioari, autogobernuari eta kontzertu ekonomikoari esker izan dela. Senaturako zerrendaburu Maria Eugenia Iparragirrek eredu horren arrakasta nabarmendu du.

Kongresurako zerrendaburu den Joseba Agirretxeak, bere aldetik, Debagoienean lanbide heziketaren eta lanaren arteko harremanaren eredua goraipatu du. Bukatzeko, Agirretxeak pentsioak aipatu ditu, eta horiek kudeatzearen ardura Euskadira transferitzea eskatu du.

Ondoren, Arrasateko erdigunean izan dira abenduaren 20ko hauteskundeetarako propaganda banatzen Maria Ubarretxeana alkatearekin, senaturako hautagai Vitoriano Gallastegirekin eta bailarako beste hainbat ordezkarirekin, eta eguerdi eta arratsaldean, Aretxabaletan eta Eskoriatzan gauza bera egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak