Bergarako eta Arrasateko Elkar liburudendetan, eta Oñatiko Haritza Liburudendan eta Altunan salgai daude jada erosketetarako kultura bonuak, eta Arrasateko Amaia Antzokian barikuan ipiniko dituzte salgai.
Dendetako bonua 20 eurotan jarriko da salgai, eta horrekin 30 euroko erosketa egin ahal izango da. Ikuskizunetarako bonuak, bestalde, kanpainari atxikitako antzokietan erosiko dira 25 euroan, eta horren truke onuradunak nahi dituen sarrerak erosi ahal izango ditu, 40 euroko benetako baliora iritsi arte.
Kultura bonu hauek, apirilaren 15era arte erabili ahal izango dira, baina erositako saltoki eta antzokietan soilik.
Amaia Antzokirako bonuak
Arrasateko Udalak 250 bonu jarriko ditu salgai Amaia antzokiko leihatiletan. Diputazioak kaleratutako bonuez gain, Udalak 5 euro gehiagoko deskontua jarriko du ikuskizun sorta jakin bat aukeratuz gero. Guztira lau sorta prestatu dituzte, eta hauetako bat hautatuz gero, 25 euroren truke 45 euroko balioa duen bonua jasotzeko aukera egongo da.
Bonuak Amaia antzokiko leihatiletan bakarrik erosi ahal izango dira. Maria Ubarretxena alkateak kultura bultzatzeko apustu argia egin dutela azpimarratu du.
Lau aukerak:
1- "Zergatik Jamil" + "Heroiak" + "Etxekoak" + "Florido Pensil (neskak)"
2- Jabier Muguruza + "Guerra" + Ken Zazpi
3- "Pintto, Pintto" + "Barbantxo" + Amour + "Pinocchio" + "Aureo" + Ken Zazpi
4- "Aureo" + "Mundo Intrepido" + Jabier Muguruza + "Heroiak"