150 bat txirrindulari elkartuko dira Arrasateko ziklo-kros txapelketan

Mirari Altube Arrese 2015ko abe. 8a, 14:59

Dorletako Ama txirrindulari taldeko kideek datorren abenduaren 13ko ziklo-kros proba aurkeztu dute. "Ilusio handiarekin" gertatu dute txapelketa, eta 150 bat txirrindulari elkartuko direlakoan daude. Horietako bost Dorletako Ama taldekoak izango dira.

"Aspaldiko proba berreskuratu gura izan dugu, eta lan handia eman badigu ere gertatzeak, pozik gaude lortutakoarekin eta gogotsu abenduaren 13ari begira", jakinarazi du Iñigo Azkaratek, Dorletako Amako lehendakariak. Eta onartu du gaur bertan hainbat gurasok zelaietako belarra mozten jardun dutela.

Txapelketa jokatuko dute Markulete eta Ikutixo baserri inguruan, eta bi zati izango ditu zirkuituak: "Arrasate aldera dauden zelaiak bizkorrak izango dira eta Ikutixo aldera daudenak gogorragoak", jakinarazi du Zigor Urain txirrindulariak eta Dorletako Amako kideak, eta gaineratu du: "Lokatzik ez bada sortzen oztopo batzuk jarriko ditugu motelagoa izan dadin".

Dorletako Ama taldeko bost

Kadeteek hasiko dute proba 10:00etan eta gero gazteek jardungo dute. Ondoren masterren txanda izango da; 30 urtekoek, 40koek eta 50ekoek jardungo dute: "Eta batzuetan 60 urtekoak ere etortzen dira", adierazi du Azkaratek. Eta 13:00ak inguruan elite mailakoen eta 23 urtez azpikoen proba hasiko da. "Egun berean Espainiako Kopako proba dago Valentzian eta ondorioz ez dira etorriko elite mailako hiru onenak, baina txirrindulari on asko izango dira", jakinarazi du.

Hala, 150 bat txirrindulari elkartuko direlakoan daude eta horietatik bost Dorletako Amakoak izango dira: Iñigo Aranburu, Andoni Azkarate, Asier Azkarate, Liher Unzueta (zalantzan) eta Zigor Urain. "Iker Ezkibel eskoriatzarra gurean hazitakoa da eta orain gurekin egon ez arren etorriko dela esan digu. Hala, 23 urtez azpikoetan jardungo du".

Udalaren babesa

Arrasateko kirol zinegotzi Ander Garaik eskerrak eman dizkie Dorletako Amako kideei: "Zuek zabiltzate lortzen Dorletako Ama herrian erreferente izatea", eta gaineratu du "kirol mota ezberdinak bultzatzearen alde" dagoela Udala, eta horregatik "babes osoa" jasoko dutela. "Benetan polita izango litzateke luzaroan egin ahal izatea halako proba bat Arrasaten". 

Era berean, txirrindulari taldeak eskerrak eman dizkie bai Udalari, bai babesa emandako guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak