Jose Maria Arizmendiarrieta iparorratza dela eta izango dela berretsi zuten atzoko ekitaldi berezian. Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak antolatu zuen, kooperatibismoaren aita jaio zela 100 urte bete direnean. Ekitaldiaren hasieran Maria Ubarretxenak konpromisoa hartu zuen Arizmendiarrietaren balioak aintzat hartzen jarraitzeko.
Ondoren LKSk kaleratutako liburu berria aurkeztu zuten, Fermin Garmendia eta Manolo Gonzalez egileekin egindako solasaldi baten bidez.
MU-ko ikasleen ikuspuntua
Mondragon Unibertsitateko ikasleen bideo batzuk ere jarri zituzten, 30 segundotan Arizmendiarrietaren gainean duten ikuspuntua azaltzen.
Omenaldia hurbilekoei
Amaieran heldu zen, antolatzaileek eurek iragarri zutenez, ekitaldiko une garrantzitsuena. Arizmendiarrietaren hurbileko hamar pertsona gogoratu zituzten: Eulogi Lasaga, Mari Lourdes Azkoaga, Roman Balanzategi, Juan Leibar, Jabier Retegi, Jabier Ortubai, Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia eta Jose Maria Ormaetxea. Azken horri Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok eman zion oroigarria. Olanok Arizmendiarrietaren eraldaketarako gaitasuna nabarmendu zuen.
Eta Ormaetxeak berak ere hartu zuen hitza eta bere bizitzako erreferente nagusia izan zen pertsonaren santifikazioa aldarrikatu zuen besteak beste.