Arloko zinegotzi Oscar Garciak emandako azalpenen arabera, arratoiak direla-eta urtean herritarren 35 eta 45 kexa artean jasaotzea izan da ohikoa baina "azken lau urteetan 120-140 ingurura" areagotu da kexen kopurua eta "aurreikusten zen urte amaierarako 170 kexatara hel zitekeela". Hala, "ohiz kanpoko ekintza plana" bideratuko da hileroko errutinazko kanpainen osagarri. Gaur hasiko dira pozoia banatzen, gaur zortzi ere hala egingo dute, eta bigarren ekinaldi baten, abenduaren 11an eta 18an ere egingo da. Urtarrilean nabarituko ei da hobekuntza, Garciak baieztatu duenez.
Kanpainaren kostua 2.120,95 eurokoa da baina zinegotziak argitu duenez, lanez arduratuko den Ferrovial-Cepsak hartuko du bere gain gastua, izurrien kontrola sinatutako baldintzen pleguan jasotzen baita.
Eguraldiaren ondorioz
Udazken sasoi lehor eta beroak izan ei du eragina arratoien ugaltzean. Baldintza klimatologiko horietan laburtu egiten da arratoien hazkuntza zikloa, normalean 40 egunekoa den kumaldia, 28 egunetara laburtu delarik, udaletxean suposatzen dutenez.
Halaber, Polmetasa lantegiaren hondarretan fokua atzeman dute eta arreta berezia eskainiko zaio ingurutik heda litekeenari. Gainera, erabiliko den pozoiak istripurik eragin ez dezan, gunea bermatu eta sarbidea itxiko da. Aurrera begira estolderiaren eta kutxatilen konponketak eta ordezkatze lanak ere egingo dira.