Gabonetako argi apaingarriak jarriko dituzte berriro Arrasateko alde zaharrean, hain justu, 50 argi apaingarri jarriko dituzte, led teknologiakoak. Ximenez enpresaren argiak dira eta langileak eguaztenean hasi ziren horiek jartzen, espero dute gaur, egubakoitza, bukatuko dituztela lanak.
Auzoak ere argiztatuko dituzte argi apaingarri banarekin edo birekin auzo bakoitzean; horietan, baina, Udalaren jabetzakoak diren lehengo argi apaingarriak erabiliko dituzte.
2007az geroztik, halakorik ez
2007az geroztik ez da jarri horrelako argi kopurua herrian. Hortik hurrengo bihiru urteetan alde zaharrean eta arkupeetan bakarrik jarri dira; baita udaletxeko balkoian ere. Aurreko legealdian, esaterako, bakarrik balkoian jarri ziren argiak.
Obra eta zerbitzuetako, eta auzoetako zinegotzi Oskar Garciak esan du "denbora berriak" direla orain, gobernu berria dagoelako, eta herritarren eta komertzianteen eskaerak hartu dituztela haintzat herriari "Gabon giroa" emateko.
20.000 euroko aurrekontua erabiliko dute horretarako. Abenduaren 4an piztuko dituzte argiak eta urtarrilaren 7ra arte izango dira.