Arrasaten 20 haur parke inguru daude eta Udalaren datozen urteetarako asmoa da horiek estaltzen joatea. 2011n eraikitako Gorostiza auzoko parkea izango da lehena eta estalpea prozesu parte hartzaile baten bidez aukeratuko da: "Gure jarduna aurrera eramateko arrasatearren iritzia ezagutu eta kontutan hartu nahi dugu. Udalgintzan inplikatu nahi ditugu, beren parte hartzea sustatu modu errez eta eroso baten" adierazi du Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak.
Herritarren iritzi bila
Lehen fase baten haurren eta gurasoen ekarpenak jaso zituzten eta orain, bigarren fase baten, proiektua esleitu aurretik sei enpresen zirriborroak jendaurrean jarriko dituzte. Beraz, sei aukera horien artean aukeratu beharko dute herritarrek, eta horretarako hiru bide ireki ditu Udalak. Gertutasunagatik, Erguingo herri eskolan bertan kutxa bat jarri dute ikasle, irakasle eta gurasoek botoa eman dezaten, eta Biztanleen Arreta Zerbitzuan zein Udalaren webgunean ere eman ahalko da botoa, azaroaren 9tik 14ra. Botoa emateko Arrasaten erroldatuta egon beharra dago eta Nortasun Agiriaren zenbakia ere eman beharko da, pertsona batek boto bakarra ematen duela ziurtatzeko.
90.000 eta 190.000 euro arteko proiektuak
Azaroaren 15etik aurrera, boto gehien jaso dituen proiektua aintzat hartuta eta aurretik gurasoen aldetik jasotako ekarpenekin azken proiektua idatziko da. Sei zirriborroen aurrekontuak 90.000 eta 190.000 euro artekoak dira eta estalki ereduen gaineko xehetasun guztiak Udalaren webgunean kontsulta daitezke.