Debagoieneko ospitaleko atarian kamioi baten egiten dira egun erresonantzia magnetikoak, eta atzoko osoko bilkuran unitate hori ospitale barruan zabaltzearen alde EH Bilduk aurkeztutako mozioarekin bat egin zuten gainerako udal taldeek. Bestalde, kreditu aldaketa onartu zen aurrekontuan, organikoarendako poltsa biodegradagarriak ordaintzeko –ia 90.000 euro– eta Aprendices eraikinean musika eskola egokitzeko, besteak beste: "SPRIrekin [eraikinaren jabea] ekainetik etengabeko harremana dugu eta aukera handiak ditugu eraikinaren jabe egiteko, bertan musika eskola egokitzearena proiektu estrategikoa da-eta guretako", esan zuen Maria Ubarretxena alkateak.
Horrez gain, PSE-EEk genero indarkeriaren aurka aurkeztutako mozioa onartu egin zen, eta aurrerago adierazpen instituzionala kaleratzea da asmoa. EH Bildu abstenitu egin zen mozioa "landu gabekoa eta urruna" dela iritzita eta EAJk, Baleikek eta Irabazik ere testuarekin erabat ados egon ez arren, mozioa babestu zuten.
Ino Galparsorori babesa
Gainera, Ino be Libre plataformak mozioa aurkeztu zuen Ino Galparsorori babesa adierazteko. Azaroaren 16an hasiko da 04/08 sumarioaren baitan dauden 35 euskal herritarren aurkako epaiketa, eta auzipetuen artean dago Ino Galparsoro alkate ohia; bada mozioa EAJren, EH Bilduren, Baleikeren eta Irabaziren aldeko botoekin eta PSE-EEren kontrakoekin onartu zen.