AEDk hurrengo asteetarako ekintzak aurkeztu ditu

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko urr. 28a, 11:08

Alde batetik, AEDko Ttak gazte taldeak zapaturako antolatu duen Gaba Beltzari buruzkoak azaldu dituzte. Bestetik, AEDko dinamizatzaileak domekan hasiko den Literaturjauziak ere aurkeztu ditu. Eta azaroaren 4an, berriz, Kulturaten Beltzean Mintzo izeneko dokumentalaren emanaldia ere egingo dela iragarri dute. 

Ekintzaz betetako hilabetea aurkeztu du AEDk eta herritarrak horietan parte hartzera gonbidatu dituzte.

Literaturjauziak

Domekan hasiko da Literaturjauzien zikloko lehenengo ekintza; Maite Franco ipuin kontalariak beldurrezko ipuin kontaketa egingo du 19:00etan Jaizale tabernan.

Azaroko hurrengo bi domeketan ere, azaroaren 8an eta 15ean Literaturjauziak ekimenak jarraipena izango du. Azaroaren 8an irakurraldi kolektibo musikatua egingo da, eta, 15ean, berriz, Mikel Arantzaren Ametsak ere zain liburuko poemen errezitaldia egingo da, Josu Landa, Gotzon Barandiaran eta Itziar Castrillorekin. Guztiak 19:00etan Jaizalen. Ziklo horren helburua da literatura kalera ateratzea.

Dokumental emanaldia

Azaroaren 4an, berriz, Beltzean Mintzo izeneko dokumentalaren emanaldia egingo da Kulturaten. Hego Ameriketako hainbat komunitateko kiden testigantzak jasotzen dira ikus-entzunezkoan eta bertako komunitate eta hizkuntzei buruz hitz egiten da. Garabideko bi kide izango dira emanaldiaren ostean solasaldia gidatzen. 19:00etan izango da emanaldia.

Gaba Baltza

Zapatu honetan ere izango da zertaz gozatu AEDko Ttak gazte taldeak antolatutako egunaren eskutik: Gaba Baltza antolatu dute. Azken lau urteetan ospatu izan da Ttak eguna, eta nahiz eta formatua sarritan aldatu den, helburu bera mantendu dute: gazteen artean aisialdian euskara sustatzea.

Zapatuan 19:30ean emango diote hasiera jaiari eta perkutsio ikuskizun ibiltaria, afari merienda gaztetxean eta hilen jolasak egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak