23. Perretxiko Eguna egin du Arizmendi ikastolak, eta beste behin plaza bete egin da ikasleekin, gurasoekin eta ikusmin handiarekin hurreratu diren herritarrekin. "Eguraldia lagun giro bikaina dugu eta oso pozik gaude", esan du Ane Miren Guemes irakasleak.
DBHko lehenengo mailako ikasleek jaso zituzten perretxikoak hereinegun eta txukun-txukun jarrita erakutsi dituzte horiek gaur. Tomas Zubillaga adituak banan-banan begiratu ditu guztiak, eta puntuak eman dizkie jasotakoaren arabera. Azalpenak ere ez dira falta izan: "Honi errotaria esaten diote irin bustiaren usaina duelako", esan die: "Eta honekin kontuz. Hau da Paxillus involutus. Hilgarria. Zelan dakigun? Labana azpialdetik pasatuz gero burdin kolorea duelako".
Batxilergoko ikasleek, gainera, perretxiko pintxoak eskaini dizkiete hurreratutakoei.