Jende mordoa batu da gaur iluntzeko zortzietan Gaueko Tafyd Krosean parte hartzeko zein ikusi eta animatzeko. Ferixalekutik atera eta toki berean bukatu da lasterketa, eta ibilbide osoan zehar korrikalari guztiek herritarren animoak jaso dituzte.
Lehenengoen helmugaratzea ikusgarria izan da; izan ere, bost segunduko aldea soilik izan da irabazlearen (Unai Hernandez) eta bigarrenaren artean (Beñat Apraiz), eta hirugarren sailkatua (Iñigo Altzola), segundu bat beranduago helmugaratu da.
Antolakuntzako Dabid Berezibarrek azaldu duenez, gero eta jende gehiago animatzen da bertan parte hartzera, eta horrek antolaketa lan handia eskatzen du; hala ere, aurtengo edizioan dena ondo irten dela eta "oso pozik" daudela adierazi du. 127 parte hartzailetik, inoiz baino emakume gehiago animatu direla ere nabarmendu du. 23 izan dira guztira.
Korrikalariak helmugara heldu heinean, saria jasotzen zuten, herriko denden eskutik. Berezibarrek azaldu duenez, krosaren "izaera herrikoia" zaindu nahi izaten dute, lehen sailkatuei zein atzerago ibiltzen direnei garrantzia berbera aitortuz.
Podiuma
- Gizonak:
1. Unai Hernandez 16:45
2. Beñat Arnaiz 16:50
3. Iñigo Altzola 16:51
- Emakumeak:
1. Nerea Baena 21:29
2. Miren Apraiz 22:24
3. Ane Beraza 24:15
- Beteranoak
Asier Osinaga 18:07
Marije Velasco 24:22