Pertsona nagusien nazioarteko eguna izan zen atzo, urriak 1, eta pentsioak salatzeko kontzentrazioak egin zituzten hainbat herritan. Irudiotan Bergarakoa ikus daiteke eta Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformatik hainbat kontu salatu zituzten. Besteak beste, San Joxepe elkarteko presidente Jose Ramon Egurenek adierazi zuen ez dutela onartuko 1.080 euroren azpitik dauden pentsioak: “Hori eskatzen dugu daukagulako jendea autonomo bezala lan egin duena adibidez, eta agian gutxienekoa kotizatzen izan direnak, 200-200 eta piku euro hilean, eta jubilatutakoan 600-700 euroko pentsioa gelditzen zaizkienak. Uste dugu kantitate hori oso baxua dela”.
Alargunei ere pentsio nahiko baxuak gelditzen zaizkiela salatu eta eskatu zuten horiek parekatu daitezela beste pentsioetara.
Egurenek gaineratu zuen gertuan pentsio duina jasotzen ez duten lagun ugari dituztela: “Nahiko jende dago, bai. Nik dakidala Bergaran nik ezagutzen ditudan asko daude 1.000 euroko pentsiora iristen ez direnak. Uste dugu ondo egongo litzatekeela behintzat 1.080 eurora iristea, pentsio duinagoa izango litzateke guztiondako”.
Kontzentrazioan azaldu zuten baita ere pentsio publikoak babestu behar direla Euskadin eta ez dutela pentsio pobreak sortzen dituzten enplegurik nahi.
Zapatuan, Donostian
Bihar, zapatua, Donostian udaletxe aurrean probintzia mailako protesta egingo dute egingo dute pentsio duin batzuen alde, eta bertara joateko deia ere egin zuten Bergaran.
Kulturaldia
Eta nagusiekin jarraituz, Bergarako San Joxepe Jubilatuen Elkarteak hamar egun iraungo dituen urriko Kulturaldia antolatu du.
Aurtengo gai nagusiak osasuna eta ekonomia dira eta atzo eman zioten hasiera hitzaldi batekin. 41 lagun elkartu ziren Genaro Lekuona apaiz bergararrak emandako giza eskubideen eta bakearen arteko erlazioari buruzko hitzaldian.
Eta ondorengo egunotarako ere egitarau oparoa prestatu dute. Besteak beste, herriko jubilatuek egindako eskulanen, margolanen, argazkien eta egurrezko artisautza lanen erakusketa zabalduko dute bihar, zapatua; egun osoko txangoa ere egingo dute Uxuera; oinordetzei eta dohaintzei buruzko hitzaldia ere izango dute, baita zahartze aktiboari buruzkoa ere; eta herri bazkariarekin emango diote amaiera aurtengo kulturaldiari. San Joxepeko presidenteak nagusiak ekitaldiotan parte hartzera animatu ditu.