Goizean, LKRTSN azoka egin dute Herriko Plazan: artisauak, bertsolariak, baserriko produktuak, txalaparta, LKRTSN materiala… Ume eta gurasoendako joko eta jolasak izan dira Biteri plazan, antolatzaileek bazkari herrikoia prestatzen zuten bitartean. Euren esanetan, aurten 200 bat lagunendako prestatu dute paella erraldoia, eta iaz baino jende gehiagok parte hartzea aurreikusten zuten.
Eguraldi ederra lagun, Monte taberna kanpoan jende asko elkartu da Anger taldearen musika entzuteko. Gaurkoan, beste aldi batzuetan baino doinu lasaiagoak jo dituzte, patxadaz entzuteko modukoak. Taupa, Irati eta Ezkiña tabernetan ere izan dira emanaldiak: Lukas Prest, The Mocker's eta Black Beauty taldeek jo dute.
Arratsaldean, herriko taberna gehienetan kontzertuak izan dira, eta 19:30ean, Euskal preso, iheslari eta errefuxiatu politikoen eskubideen defentsan lelopean kale-agerraldi jendetsua egin dute [bete egin da Arrasateko plaza]: Gauean, 21:00etan, berriz ere musika, oraingo honetan Monterronen: Anje Duhalde, Fiachras, Gramones, Arkada Social eta Kañeria 13.
Aurten ere, azkena izateko gogoz antolatu dute Elkartasun Eguna; antolatzaileek honako hau esan dute: "Zoritxarrez, badirudi ez dela horrela izango, baina helburua urtero hori da, azkena izatea".