Arrasateko Udala errefuxiatuak hartzeko gertu, aho batez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko ira. 18a, 12:06

Arrasateko Udaleko taldeko guztiek adierazpen instituzionala onartu zuten atzoko osoko bilkuran, Siriako gerratik ihesi datozen errefuxiatuak hartzeko: "Pentsatzen dugu Jaurlaritzarekin zein Aldundiarekin modu koordinatu baten erantzun behar zaiola jende horren beharrei. Ezin dugu ahaztu, bozkatzeko eskubidea izan ezik, gainerako herritarren eskubide berberak izango dituztela, eta horregatik erantzun on bat eman behar zaio krisiari. Gainera, talde guztiak ados jarri izana balioan jarri behar da", adierazi zuen Maria Ubarretxena alkateak bilkuraren ostean.

Bestalde, uztaileko osoko bilkurako aktaren onarpenaren aurka agertu zen Irabaziko Juan Luis Merino. Euskara hutsean zegoela salatu eta elebitan aurkezteko eskatu zuen. EH Bilduko Eneko Barberenak hizkuntza irizpideak zehazteko beharra dagoela esan eta bozeramaileen batzordean gaia landuko dutela adostu zutela gogorarazi zion. Horixe bera esan zion PSE-EEko Oscar Garciak Merinori. Barberenak adierazi zuenez, 2013tik udal barruan euskarak lehentasuna izateko plan bat dago onartuta. 

Mozioei dagokienez, Kaleratzeak Stop plataformak Arrasate etxagabetze gabeko udalerri izendatzeko mozioa aurkeztu zuen, EAJren abstentzioarekin eta gainerako alderdien aldeko botoekin aurrera egin zuen mozioak. Juan Luis Merinok plataformakoen izenean berba egin zuen eta jakinarazi zuen, besteak beste, Arrasaten etxegabetzerako hamar prozesu irekita daudela. 

(Argazkia: Kaleratzeak Stop plataformako zenbait kide atzoko osoko bilkuran)

TTIP tratatuaren aurkako mozioak ez zuen aurrera egin

Bestalde, Baleikek TTIP tratatua aplikatzearen aurkako mozioa aurkeztu zuen; ez zen onartu, EAJk eta alderdi sozialistak kontra bozkatu zuten-eta; EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik alde bozkatu zuten. Baleikeko Igor Urizarren arabera, TTIP delako hitzarmenak merkatuak oraindik gehiago liberalizatuko ditu: "Europa eta Estatu Batuetako arautegiak berdindu egingo dira, bidean gure gizartearentzako eskubideak gehiago murriztuz. Europan osasuna, ingurumena eta kontsumitzaileak babesten dituzten neurriak murriztuko dira. Abeltzaintza sektorea kaltetuenetarikoak izango da. Gaur egun dauzkagun abereak hazteko ereduak, animalien ongizatea, arautegi sanitarioak, eta ingurumen neurriak erabat ezberdinak dira-eta, dauzkagunak baino askoz murritzagoak". 

Askapenaren aurkako prozesua salatzen

Amaitzeko, EH Bilduk hala proposatuta, Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteen aurkako prozesua bertan behera uzteko eskaera egin zuen Udalak; EAJren, EH BIlduren, Baleikeren eta Irabaziren aldeko botoekin eta PSE-EEren kontrakoekin aurrera egin zuen mozioak: "Hastear dagoen epaiketa salatu gura dugu, Audientzia Nazioanalaren beste barrabaskeria bat gehiago da. Askapenaren lana oso garrantzitsua dela deritzogu, estatuek porrot egin duten eremuetan herrien arteko elkartasuna ari delako bultzatzen. Uste dugu Audientzia bera dela epaitu eta desagertu beharko litzatekeena", esan zuen bilkuraren ostean EH Bilduko bozeramaile Eneko Barberenak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak