Udalak tailerraren alboan dagoen zortziehun metroko lokala utzi zion Gureak taldeari, eta berau aprobetxatu dute instalazioetan hobekuntzak ezartzeko. Batik bat fatxadan eta sarreran burutu dituzte berrikuntzak, eraikina irisgarriago egiteko asmoz.
Iñaki Alkorta Gureak-eko lehendakariak adierazi duenez, lokalean egindako berrikuntzek "hobekuntza kualitatibo handiak" ekarriko dituzte. Besteak beste, formakuntza gune berri bat zabaldu dute, langileek prestakuntza jarraia izan dezaten.
25. urteurrena
Gureak taldeak urteurren bikoitza betetzen du aurten. Izan ere, betetik, 40. urte dira ATZEGI-ren ekimenez Bergarako lehen lantegia zabaldu zela, eta bestetik, Arrasatekoak 25 urte bete ditu aurten.
Desgaitasuna duten pertsonei haientzat egokitutako lanpostu bat eskaintzea da haien helburu nagusia. Arrasateko tailerrean, esaterako, automobilgintzan jarduten dute nagusiki. Alkortak nabarmendu duenez, sektore horretan bezeroen exijentziak gero eta handiagoak dira, eta Gureak taldea haiei erantzun egokia emateko prestatuta dago.
Bestalde, duela hamar urtez geroztik, eraikin berean Garagune izeneko eguneko zentroa ere badute, non adimen desgaitasuna duten pertsonei eguneroko bizitzan laguntzen dieten.