Eusko Jaurlaritzaren energia agentziak, hau da, Energiaren Euskal Erakundeak, zapatuan jarri zuen martxan etxeko ekipamenduak berritzeko diru-laguntza programa. Energiaren aurrezpen nabarmena dakarten eraginkortasun handiko tresnak eskuratzeko diru-laguntza programa hori Etxetresna Elektrikoen Renove Plana izenez ezagutzen da eta 1.000.000 euroko aurrekontua du.
125 eurorainoko diru-laguntza
Etxetresna Elektrikoen Renove Plana 125 eurorainoko diru-laguntza ari da ematen linea zuriko etxetresnak ordezkatzeko; zehazki, hozkailu, izozkailu, garbigailu eta ontzi-garbigailuen erosketa ari da diruz laguntzen. Hala, energia kalifikazio handiena, A+++, duten etxetresnak eskuratzeko 125 euro ematen ari da; eta A++ kalifikaziokoak erosteko, 105 euro. Renove Planak sustatzen duen kontsumo txikiagoko tresnaren bat erosteak, gainera, etorkizunera begira hainbat abantaila dituela azaldu du Almacenes Arrasateko arduradun Igor Loitik.
Jendea zain
Renove Plana dela-eta, zapatuan lanez gainezka ibili ziren, hain justu, Almacenes Arrasaten. Izan ere, maiatza inguruan iragarri zuten uztailean jarriko zutela martxan, eta jendea zain zegoen.