Eguaztenean Debagoieneko bilera izan zuten Arrasaten, eta elkartu ziren Bergarako, Oñatiko eta Arrasateko hogei bat emakume; Elgetakoek ezin etorria azaldu zuten eta bide batez jakinarazi taldetxoa sortu dutela herrian eta lanerako gertu daudela. "Bilera hauek dira herri ezberdinetako eragileak eta norbanakoak elkartu eta Mundu Martxaren bueltan zer antolatu gura dugun erabakitzeko", jakinarazi du Leire Estevezek, antolakuntzako kideak, eta gaineratu du: "Talde polita elkartu gara, eta egitasmoa zehaztu guran gabiltza orain lanean".
Guztiek dakite urriaren 2a, egubakoitza, ez dela data ona; batetik lan eguna delako, eta bestetik, Arrasaten Maritxu Kajoi ospatzen dutelako. Hala ere, ekitaldi mordoa egiteko asmoa agertu dute. Horrez gain, eskualdeko gainerako herrietan ere landu gura dituzte hainbat gai eta ekintzak antolatu ere bai, urriaren 2ko dataren bueltan. Hori guztia lotzen joateko hurrengo batzarra uztailaren 29an egingo dute Oñatiko gaztetxean, 18:30ean.
Feminismoa "landatzea"
Aurtengo Mundu Martxaren leloa honakoa da: Gure gorputzak, gure lurraldeak, martxarekin jarraituko dugu libre izan arte. "Lelo horri jarraituta proposatzen den ekimena da landatzea. Hala, landaketa sinbolikoen bitartez gura da feminismoaren izaera eta aldarriak ereitea, azken batean Euskal Herrian ere feminismoa toki guztietara zabaltzea", dio Estevezek, eta gaineratu du: "Era berean, animatu gura dut jendea martxari atxikimendua ematera emakumeenmundumartxa.eus. helbidean; hala, han dagoen Euskal Herriko mapa osatzen joateko".