PMG Polmetasa Alemaniako PMG multinazionalaren barruko enpresa da eta bere 60. urteurrena ospatu du gaur Arrasaten. Iñigo Urkullu lehendakaria izan da ekitaldi-burua eta bostehun pertsona inguru izan dira enpresaren kanpoko aldean egokitu duten tokian: langileak eta euren senideak eta enpresaren beste hainbat eragile.
Ekitaldian Polmetasako zuzendari nagusi Manel Perez Latrek azpimarratu du Europako lau autotatik hiruk Polmetasaren piezaren bat daramatela, eta horrek merkatuan duten lekua erakusten duela. Azaldu du baita ere, hazkunde-aukera berriak ahalbidetze aldera, Ikerketa eta Garapen arloan lan egiten ari direla produktu ildo berri bat garatzeko, taldearen teknologia propioak erabiliz.
"Eredugarria"
PMG Group-eko zuzendari orokorra den Michael Krehlek ere hartu du hitza eta Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, esan du gaur enpresa bat ezagutzeko asmoz etorri dela Arrasatera, baina proiektu bat ezagutu duela. Gaineratu du Polmetasa enpresa eredu bat sustatzen ari dela eta "eredugarriak" direla eurendako, izan ere, egunero erabiltzen dituztela, besteak beste, elkarlana, parte-hartzea, nazioartekotzea edo berrikuntza.
Ekitaldi ondorengoak
Bisita gidatu bat egin diete gero lantegian zehar politikariei eta enpresako ordezkariei. Langile batzuk euren eguneroko lana azaldu diete ordezkari horiei eta bertan eman diete teknologia eta automatizazio aurrerapen guztien berri. Bisitaren ostean, enpresaren kanpoko aldean jatekoa eta edatekoa izan da. Eta umeendako puzgarriak ere jarri dituzte.