Kultura ekitaldiak kalean gaurtik aurrera Arrasaten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko uzt. 3a, 09:50

Uztailean herriko askotariko txokoetan hainbat kultura diziplinarekin, doan eta aire zabalean, gozatzeko aukera ematen duen egitasmoa da Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen Udazabal.

Gaur estreinatuko dute aurtengoa, azkeneko urteetan moduan, Arrasate Musikaleko Big Band-ekoek. "Dagoeneko tradizio bilakatu dela esan dezakegu. Kontzertu ezohikoa izaten da, musika entzuteaz gainera,  dantzarako gonbidapena egin gura duena", azaldu du Karmelo Alberdik, Kultura teknikariak.  Musika eskaintzarekin jarraituz, Getxoko Belako talde gaztea bogan dago eta udan Euskal Herrian egingo duten emanaldi bakarrenetakoa izango da Arrasaten egingo dutena. Horrez gain, jazz-flamenko doinuak ere batuko ditu Udazabalek, datorren astean.

Aurten, Zaldibarren ere bai

Ikuskizunaren ezaugarrien arabera, toki bat edo beste bilakatzen dute agertoki. Monterron parkean, Herriko Plazan, Jose Letona plazan, Seber Altuben eta Biteri plazan izango dira gehienak. Aurten, baina, Zaldibar pilotalekuan ere dantzaz gozatzeko aukera izango da; hain justu, domekan. "Dantza garaikidean espezializatutako bi konpainia izango dira bertan: Ziomara Hormaetxek eta Judith Agromanizek gidatutakoak. Bina dantzarik hartuko dute parte koreografia bakoitzean. Programazio bikoitzaren alde egin dugu, koreografia bakoitzak ordu laurden eskaseko iraupena duela aintzat hartuta", gaineratu du Alberdik.

Domekakoaz gainera, Portugaleteko Folklore Jaialdiarekin elkarlanean beste dantza emanaldi bat ere antolatu du Udalak. "Belgradeko (Serbia) Unibertsitateko dantzariak etorriko dira, eta etxeko ordezkaritza ere izango da. Oso pozik gaude, taldeen arteko harremanak bultzatzen dituelako ekimenak eta bi kultura oso ezberdin elkarrekin izango direlako Monterronen".

Bestelako ikuskizunak

Aurrez Amaia antzokian izandakoa den Gasteizko Sun magoa dator berriz ere, formatu handiko magia ikuskizuna egingo du hark; eta ikuskizun ganberroa, berriz, Salitre Teatrok.

Egitarau osoa

  • Uztailak 3, egubakoitza 22:30: Arrasate Musikal Big Band-en kontzertua. Monterron parkean. Euria bada, Amaia antzokian.
  • uztailak 5, 20:00: Ziomara Hormaetxe eta Lasala dantza konpainien emanaldia. Zaldibar frontoian. Euria bada, Biteri plazan.
  • Uztailak 10, 20:00 Antonio Lizana Quintet taldearen kontzertua. Jose Letona plazan. Euria bada, Kulturaten.
  • Uztailak 12, 20:00: Sun magoa. Seber Altube plazan. Euria bada, Biteri plazan.
  • Uztailak 17 22:30: Belako eta La-Tox taldeen kontzertua. Monterron parkean Euria bada, gaztetxean.
  • Uztailak 19,20:00: Salitre Teatroren Rico, rico, rico kale antzerkia Seber Altube plazan. Euria bada, Biteri plazan.
  • Uztailak 24, 22:30: Folklore jaialdia: Serbiako dantza taldea eta Arrasateko Lore Gazteak. Monterron parkean. Euria bada, Amaia antzokian.
  • Uztailak 25, 22:30: Txontxongiloak: Borja Ytuquepintas. Euria bada, Amaia antzokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak