Maria Ubarretxena da Arrasateko alkatea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2015ko eka. 13a, 13:20

EAJko Maria Ubarretxena da Arrasateko alkatea hurrengo lau urteetarako. Bere alderdiko kideen babesarekin lortu du alkatetza Ubarretxenak, izan ere, PSE-EEk Euskal Autonomia Erkidegoan zuen akordioa hautsi eta euren zerrendaburu Oscar Gartziaren aldeko botoa eman dute. Bozketan eraginik izan ez duen arren, hor eman da ekitaldiko ezusteko aipagarriena. Hortaz, gehiengo absoluturik ezean, hauteskundeetan zerrendaburu bozkatuena izan zena izendatu dute alkate. Inazio Azkarragaurizarrek Ubarretxenari zumitzezko uztaia emanez irudikatu dute aldaketa, aspaldiko tradizioa berreskuratuz. 

Udalbatza eratzeko ezohiko osoko bilkuran aipagarria izan da udal talde guztiek euren hautagaiaren alde egin dutela: EAJko Maria Ubarretxenak zortzi boto jaso ditu, EH Bilduko Eneko Barberenak zazpi, PSE-EEko Oscar Gartziak hiru, Si Se Puede-Baleike taldeko Igor Urizarrek bi eta Irabazi-Ganar koalizioko Juan Luis Merinok bat. Bereziki nabarmentzekoa da alderdi sozialistak EAJrekin EAE mailan zuen akordioa hautsi duela Arrasaten Gartziaren aldeko botoa emanda. 

Maria Ubarretxena alkate izendatu berri zumitzezko uztaiarekin.

Maria Ubarretxenak hiru ideia nabarmendu ditu agintaldi hasierako diskurtsoan: udal taldeen arteko kolaborazioa, herritarren parte-hartzea Udalaren erabakietan eta Udal Gobernu sendoa eta gardena lortzea. Gainera, eskerrak eman dizkio orain arte alkate izan den Inazio Azkarragaurizarri azken agintaldian "adostasuna eta ezberdinen arteko elkarlana" sustatzearren: "Lau urte hauetan atmosfera ona izan dugu Udalean, talde politikoetan artean kolaboratu egin dugu eta hori izan beharko da aurrerantzean hartu beharreko bidea. Arrasatek hori merezi du, eta jendea hori ari da eskatzen. Akordioa eta kolaborazioa". 

(Udalbatza eratu berria udaletxeko eskaileretan)

Udal Gobernua osatzeko jeltzaleek gainerako talde guztiei luzatu diete proposamena eta orain erantzunaren zain daudela adierazi du Ubarretxenak: "Publikoki diot talde guztiei eskaini diegula aukera gobernuan sartzeko. Gobernu plurala sortzea da onena Arrasaterendako; eskaintza bera egin diegu guztiei eta orain erantzunaren zain gaude", adierazi du alkateak. 

EH Bilduren herri batzarra ekainaren 17an

EH Bilduko zerrendaburu izandako Eneko Barberenak aurreratu duenez, ekainaren 17an egingo duten herri batzarrean hartuko dute erabakia jeltzaleen proposamenaren inguruan. Gainera, azken agintaldian Bilduko eta Aralarreko hautetsiak izan zirenen lana eskertu eta txalotu ostean, gainerako taldeekin lan harreman emankorra izatea espero du Barberenak: "Zorte ona opa dizuegi hautetsi guztiei eta espero dugu lan harreman emankorra izatea. Amaitzeko, zorionak Mariari". 

Aldaketa sozialisten zinegotzi baten

Normaltasun osoz joan den bilkuran kontu aipagarrien artean dago hauteskundeetan bigarren aurkeztu zen alderdi sozialistako Veronica Lozanok uko egin diola zinegotzi karguari eta horregatik zerrendako laugarrena den Anabel Legazek hartu du kargua. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak