Luzeak eta nobedadez josita datoz sanjuanak

Ander Larrañaga 2015ko eka. 10a, 15:55

San Juan jaiak orpoz-orpo ditugu eta dagoeneko arrasatearrak motorrak berotzen hasiak dira. Eguerdian egin dute jaietako egitarauaren aurkezpena eta aurten inoiz baino San Juan luzeagoak ospatuko dituzte; izan ere 13an hasita, 27an amaituko dira festak. Gainera, nobedadez beteta dator egitaraua.

Egun gutxi gelditzen dira Arrasateko San Juan jaietarako eta egun horietarako prestatuta dituzten nondik norakoen zertzelada batzuk eman dituzte gaur, hainbat kontu zehazteke daudelako oraindik. Jaiak bete-betean 20tik 27ra izango badira ere, 13an hasiko dira lehenengo ekintzak; Haur Dantzarien Eguna, Umeen danborrada eta otxoteen topaketa, esaterako.

Aurten ere hainbat nobedade egongo dira: aipaturiko otxoteen topaketaz gain, erraldoien konpartsaren 30. urteurrena eta erraldoien topaketa egingo dute hilaren 27an eta egun horretan bertan, Jul Bolinagari omenaldia egingo diote.

Beste aldaketa bat ere egongo da: dragoi jana hilaren 20an egingo dute, 24an barik. "Jaietako 'egun gorrietatik' atera gura izan dugu, afari horrek duen izaera euskaltzalea nabarmentzeko eta indartzeko. Bestalde, AEDkoek AEKko lagunekin batera antolatzen dugula afaria azpimarratu gurako nuke, batzuetan ahaztu egiten delako alderdi hori eta elkarlanean egiten dugun ekintza bat da" azaldu du AEDko Itxaro Artolak. Txartelak AEKn, AEDn, eta Jaizale tabernan jarriko dituzte salgai 10 eurotan, 8 eurotan AEDko bazkide, Goiena klubeko kide eta AEK-ko ikasleendako.

Nobedadeak bai, baina urteroko hitzordu finkoak mantenduko dituzte. Ekainaren 23an, San Juan egunean, bazkaria antolatu dute txosna batzordekoek, eta ondoren makala igoko dute.

Adin guztietarako jaiak

Musikalki adin-tarte guztiak kontuan hartu direla azaldu dute Udaletik: Hesian, Skakeitan, Anger, Governors, Oihan Vega, Baron Rojo, Kepa Junkera eta Radio Futuraren bertsioak jotzen dituen taldea izango dira ikusgai, besteak beste.

Bestalde, haur eta gaztetxoei zuzenduta, Txatxilipurdik urtero antolatzen duen Eguzkilaru eguna egingo dute hilaren 25ean. Haurren gunea Biteri izango da eta haurrena, berriz, Zaldibar; tailerrak eta puzgarriak egongo dira goiz osoan zehar eta ondoren Zeuk ein zeuk jan bazkaria. Izen emate epea 19an itxiko da.

Horretaz gainera, aurten ere jaietako zapiak jarriko dituzte salgai. Kartelaren irudia eta lelo lehiaketako irabazlea agertuko dira bertan. 1500 zapi inguru jarriko dituzte salgai guztira, euro t'erdian.

Kontuak kontu, aipaturikoak eta gehiago izango dira aurtengo sanjuanetan. "Jaigiroa izango da nagusi; espero duguna da herritarrak Arrasaten gelditzea, herriko jaiez disfrutatzeko, hori delako, hain juxtu, gure ustez, funtsezkoena" gaineratu du Kepa Urteaga kultura zinegotziak, agintaldiko azken prentsaurrekoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak