56,8 milioiko galerak bere gain hartzea proposatuko die Eroskik lan-bazkideei

Leire Kortabarria 2015ko eka. 2a, 17:12
Eroskiren delegatuen ezohiko batzarra, otsailean.

Eroski kooperatibak bazkideei proposatuko die azken ekitaldiko emaitzak -negatiboak, kasu honetan- neurri baten euren gain hartzea, horretarako iaz sortu zen erreserba negatibo indibidualizatu baten (bazkide bakoitzak duen kontu berezi bat). Kasu honetan, 56,8 milioi euroko galerak Eroskiren bazkideei egotziko zaizkie, ekainaren 17an batzar orokorrak horrela onartzen badu. Eroskik 280 milioiko galerak izan zituen 2014an.

Galera horietatik 216 milioi inguru kooperatiba nagusiari dagozkio, eta modu honetara banatzea proposatuko zaie bazkideei: 64,8 milioi Eroskiren derrigorrezko erreserba fondoaren kargura; 104 milioi Eroskiren borondatezko erreserba fondo baten kargura –biak kooperatibaren kargura, beraz–; eta 56,8 milioi (galeren %30), lan-bazkideen erreserba negatibo indibidualizatuaren kontura.

Eroskiko iturri ofizialek azpimarratzen dute irizpide hori jarraitu izan dela kooperatibak balantze positiboak izan dituen ekitaldietan ere, hau da, irabaziak ere bazkideei egotzi izan zaizkie, orain galera moduan.

Iaz egin zen galeren halako lehenengo banaketa. Kasu hartan, 34,2 milioiko galerak (galera guztien %30) banatzea onartu zuten batzar orokorrean izan ziren lan-bazkideen %80k.

Kapital kontutik bereizita

Eroskik azaltzen duen moduan, erreserba negatibo indibidualizatu hori bazkide bakoitzak kapital kontuaren ondoan duen kontu bat da. Kapital kontua bazkide egiterakoan sortzen da, normalean lehenengo diru-ekarpena egitearekin bat, eta irabaziak banatzen direnean, horiekin elikatzen da kontu hori. Galerekin sortu da erreserba negatibo hori, eta helburua da datozen bost urteetan, gutxi gorabehera, irabaziekin konpentsatzea hor dauden emaitza negatiboak. Norberak bazkide izaten jarraitzen duen bitartean, erreserba negatiboak ez dio eragiten; soilik urte hauetan kooperatiba uztea erabakitzen badu, kapital kontuan duenari kenduko zaio erreserba negatiboan pilatuta duena eta saldoa da eramango duena.

Kooperatibaren 2014ko kontuak onartuko dira ere batzar orokorrean. Banaketa negoziotik lortutako emaitza operatiboa positiboa izan da: 90 milioi, banaketa negozioa ondo doan seinale. 6.106 milioi euroko fakturazioa izan zuen, aurreko ekitaldian baino %2 gutxiago, eta bere Ebitda "egonkor" mantendu zen, 234 milioi gaindituz. Eroskik dio salmentak gehiago murriztu ez izana bi arrazoirengatik izan dela: batetik, Eroski Club inauguratu izana, salmentak %3 handituz; eta bestetik, frankiziak ugaritu izana, urtean zehar %6 gehiago saldu zutenak.

256 milioi dotaziotarako erabili ditu Eroskik; zehazki, aktiboak –immobiliarioak, materialak eta ez-materialak– saneatzeko eta horien balioa eguneratzeko erabili du diru hori. "Trantsiziozko ekitaldia da argi eta garbi, balantze saneatuago baterantz daramana", dio Eroskik, eta azpimarratzen du dotazio hori egin behar izatea erabakigarria izan dela 280 milioiko emaitza negatiboa lortzeko.

Berregituratze finantzarioa, bukatutzat

Kooperatibak 2013-2016 eperako Plan Estrategikoan aurreikusitakoaren arabera kokatzen du honako ekitaldia. Honako hau dio Eroskik: "Lehenengo bi urteetan oso fokalizatuta egon gara berregituratze finantzarioan; urtarrilean sinatu genuen banketxeekin, eta behin hori bukatuta, orain bueltatzen gara dendaren eraldaketan inbertsioak egitera, supermerkatuak zabaltzeko, batez ere frankizia bitartez, eta negozioan berriz fokalizatzeko, Contigo eredu komertziala bultzatuz". Horren harira, zama finantzarioa %24 txikitu zen. Horrez gain, 53 milioi aurreztu zituen gastu operatiboetan.

Batzarrean, mendeko ekarpen finantzarioengatik abonu subordinatua ematearen gainean ere bozkatuko dute. Ekarpenen balio nominalaren %55eko bonua izango da, 12 urteko epearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak