Eroskik prentsa ohar bidez eman du atzoko batzarreko emaitzen berri. Esan duenez, datozen bost urteotako irabaziekin konpentsatuko dira galera horiek.
Honakoa esan du Eroskik: "Irizpide hori bat dator Eroskik irabaziak banatzeko bazkide langileenganako beti izan duen moduarekin". Gaineratu duenez, "banakako erreserba negatibo berri baten bidez" egingo da galeren banaketa. Bazkide bakoitzak halako erreserba bat dauka kooperatiban. Berau sortzeko erabakia bazkideen %80k onartu zuten. 8.000 bazkide baino gehiago dira.
Atzoko batzarrera 500 bazkide zeuden deituta, bazkide langileak eta bazkide kontsumitzaileak. Eroskiko presidenteak, Agustin Markaidek, 2013-2016 Plan Estrategikoaren testuinguruan azaldu zuen Eroski nola dagoen. Hain zuzen, honakoa esan zuen: "Eraldatzearen lehenengo urtea izan da 2013a. 2014 ere oso garrantzitsua izango da Eroski berriaren aurrerapausoak sendotzeko". Eta honakoa gogorarazi zuen: "Kontsumoa murriztu egin da eta bidea ez da erraza izango. Datorren urteotan testuinguruak hobera egiten badu, errazagoa izango da; ez bada hobetzen, zailagoa izango da".
Ekarpen subordinatuen interesak onartu zituzten
Bestalde, 2003a ezkero egiten diharduen moduan, Ekarpen Finantziero Subordinatuen interesak banatzea erabaki zuen Eroskik batzarrean. Hain zuzen, 2015eko ekitaldiko interesak ziren horiek, eta 2016ko urtarrilean ordainduko dituela ziurtatu du. Oraingo ekitaldiko interesak 2015eko urtarrilaren 31n ordainduko ditu.
Eroskik gogorarazi du "beti" bete dituela ekarpen horiekiko konpromisoak eta, lehenengoak emititu zirenetik, 292,4 milioiko interesak ordaindu dizkiela jabeei eta 660 milioi euro bereganatu. Hala, 2002an produktu hori erosi zuenak balio nominalaren %63 jaso du dagoeneko. Eroskik azpimarratzen duenez, interesak berdin kobratzen dira, Eroskiren emaitzak direnak direla.
Gogora ekarri du Bilboko 1. Merkataritza-Auzitegiak urtarrilean emandako epaia. Horren arabera, Eroskik ez zuen engainurik egin bere publizitatean eta komertzializaziotik aparte gelditzen da.
Beste puntu baten, kontseilu errektoreko kideen erdiak berritu zituen batzar orokorrak. Baliabideen komitea ere berritu zuten. Hiru bazkide langilek eta bi bazkide kontsumitzailek osatzen dute hori.