Markaidek bukatutzat eman du krisiaren garai txarrena

Leire Kortabarria 2015ko mai. 11a, 17:46

Agustin Markaide, egubakoitzean Bilbon. (Argazkia: Europa Press).

Krisiaren aldi txarrena gainditutzat jotzen du Agustin Markaidek, Eroskiko presidenteak. Horixe azaldu du Bilboko Bazkundeak antolatutako ekitaldi baten. Bere esanetan, kontsumoa oneratzen dabil, batez ere krisiak gehien kaltetutako produktuen kontsumoa.

Ekitaldi horretan, La distribución alimentaria hoy día. Una mirada desde Eroski izeneko hitzaldia egin du Markaidek. Europa Press-ek batu du informazioa.

Eroskiko presidenteak esan duenez, urte bukaerarako 100 establezimendu inguru Contigo eredu komertzialera eraldatuta izatea espero du Eroskik, eta horretarako 100 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu.

Berfinantzaketa bukatzen

Taldearen berfinantzaketa prozesua bukatzen dabil eta horrek "gauzak argituko" ditu. Denda-formatu berria zabaltzen dago buru-belarri sartuta Eroski, "ahalik eta jende gehienarengana heltzeko bokazioarekin", Markaideren hitzetan. Sarea berregituratzen dutenean, "etorkizuneko negozietan" zentratuko direla esan du.

Ohiko emaitzak eta merkatu-kuota "nabarmen" hobetu direla esan du Markaidek, baina, bere iritziz, "funtsezkoena" denda-sare berria zabaltzea da. "Inbertsio-erritmo bizia" egiten dabil Eroski, aurreko urteekin konparatuz.

Agustin Markaidek esan du Eroskik bukatutzat eman dituela krisiaren urte txarrenak, eta gaineratu du "atzean" utzi dituztela "krisiaren berehalako inpaktuei kasu egin behar" zieten etapak. Hala ere, oraindik ez dute bukatu "zor stock-a konpontzen", izan ere, hori ez da "egun batetik bestera" egiten, bere hitzetan. "Motorra aldatu egin da eta emaitzak ematen dituen motorra daukagu, eta horrek ahalbidetuko digu epe ertainean desoreka finantzarioak konpontzen".

Krisiaz berbetan jarraitu du, eta esan du familien kontsumo-maila "lehen galdutako mailetara" iristen dabilela, batez ere "krisiaren urteetan kontsumoa gehien murriztu zen artikuluetan". Hala, elikagaien kontsumoa "egonkorragoa" denez, "gutxiago oneratzen" ari da, baina etxeko edo norbanakoendako ekipamenduen kontsumoa "nabarmen hazten" dabil orain.

"Orain denok gaude Euskadin"

Mercadona katea Euskadin sartu izanaz, Markaidek esan du lehiakideak beti ahalegintzen direla "dagoen espazioa hartzen", eta gaineratu du komertzio sektorea "oso dinamikoa" dela, "dendak oso sarri itxi eta irekitzen" direlako. Azpimarratu duenez, orain "denok" daude Euskadin, "falta zen bakarra" gehitu delako eta orain denok "moldatu" beharko direla "lekua topatzeko".

Bere esanetan, badago "prezioarendako espazio bat", baina baita balioarendako. Hala, balio handiko produktua eskaini behar dutela azaldu du Markaidek, baina baita balio txikikoa ere, "prezio ona" duelako, bestela "prezioarengatik mugitzen den bezeroa" ez delako Eroskira joango.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak